'Deskonektatu elektriketatik' ekimenagaz bat egin dute Berriatuak, Mutrikuk eta Ondarroak
Itzalaldia deituta barikurako [urriak 8] dago deituta, 22:00etatik 22:30era. Berriatuko, Mutrikuko eta Ondarroako udalek ekimenagaz bat egin eta burujabetza energetikoaren aldeko mozioa onartu dute. Markina-Xemeingo EH Bilduk ere ekimenagaz bat egin du.
Galiziako, Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat eragilek barikurako [urriak 8] deitutako itzalaldi elektrikoagaz bat egin dute Berriatuko, Mutrikuko eta Ondarroako udalek ere. Deskonektatu elektriketatik. Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa! lelopean, itzalaldia 22:00etatik 22:30era bitartean dago deituta. “Sindikatuak, udalerriak, gizarte eragileak eta mota guztietako elkarteak gonbidatzen ditugu egitasmo honekin bat egitera. Gure nazioetatik mezu argia bidaltzeko argindarraren prezioaren gorakada etengabearen aurka”. Itzalaldiak irauten duen ordu erdian burrunbada egitera deitu dute.
Argindarraren prezioa maximo historikoetan dagoela eta, “aski da” esateko ordua dela diote. “Enpresa elektrikoak aberasten eta herritarrak pobretzen ari dira, eta Espainiako Gobernua hori baimentzen. Iruzur horrek ondorio larriak izan ditu familietan, enpresa txiki eta ertainetan edota denda txikietan. Gobernuek, politikariek, elektrikek eta guztiek partekatzen dituzten interes ekonomikoek sortutako eta baimendutako iruzurra”.
Ekimenaren deitzaileek azaldu dutenez, Espainiako Estatua gobernatu duten alderdiak (PSOE eta PP) izan dira enpresa publikoak pribatizatu, saldu eta desegin dituztenak, sistema desarautuz eta merkatuaren esku utziz. Eta hori guztia energia bezalako funtsezko ondasun baten kontura aberasteko egin dutela diote. “Horrela eraiki zuten haien neurrira egindako merkatu elektrikoa, energia merkeena garestienaren prezioan ordaintzera iristerarte”.
Mutrikun EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta haien aldeko botoekin onartu zen. Ondarroan EAJk mozioaren aurka bozkatu zuen, eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen.
“Eskandalu” horren aurrean, Herrialde Katalanek, Galiziak eta Euskal herrian ez dutela “iruzur” horri eta horren erantzuleei aurre egiteko beharrezko subiranotasunik ez dutela diote. “Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun energetiko eta politikoa oztopo argi bat da gure herritarrak enpresek egiten dituzten gehiegikerietatik babesteko”. Beraz, oligopolioaren “xantaia onartezinari” elkarrekin aurre egiteko aldarria egin dute.
Mozioa onartuz, Berriatuko, Mutrikuko eta Ondarroako udalek argindarraren prezioarekin egiten ari diren “iruzur larria” salatu eta Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar duela aldarrikatu dute. “Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatzen ditugu presazko neurri zehatzak har ditzaten”. Mutrikun EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta haien aldeko botoekin onartu zen. Ondarroan ere EAJk mozioaren aurka bozkatu zuen, eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen.
Ekimenagaz bat egin duten Mutrikuko beste taldeak: LAB, Sare, Mutrikun Arraun Taldea, Mutriku Futbol Taldea, Mutrikuko Natur Taldea, Mutrikuko pentsiodunak, Mutriku Sokatira Taldea, Bertan elkartea, EMA, MUBAE, Gure Ametsa dantza taldea, Bertso taldea, Burumendi mendi taldea, Erraldoien konpartsa, Kalaputxi, Zine Forum taldea, MRK, Zubixa Libre, EH Bildu, Sortu eta Goizeko Izarra antzerki taldea.
Markina-Xemeingo EH Bilduk ere itzalaldiagaz bat egin eta barikuan [urriak 8] 22:00etatik 22:30era bitartean Kontzekupean batzera deitu du.