Lekeitioko gazteen etxebizitza beharrak ezagutzeko galdeketa bat egingo du udalak
Informazio horrekin Emantzipazio Plan bat eratu nahi dute. Datozen asteetan inkestak egingo dituzte 34 urtetik beherako gazteen artean.
Azken hamarkadetan gazteen emantzipazio adinak gora egin du leku gehienetan, gero eta beranduago emantzipatzen dira, eta egoera horren aurrean, Lekeitioko gazteen egoera zein den jakin nahi du Lekeitioko Udalak. Horretarako azterlan bat jarri dute abian, Lekeitioko gazteen etxebizitza beharrak sakonki ezagutzeko.
Informazio hori lortzeko, inkesta bat egingo dute Lekeition erroldatuko 34 urtetik beherako gazteen artean. Udalak jakitera eman duenez, lortutako datuak anonimoak izango dira, eta gerora Emantzipazio Plana egiteko informazio-iturri nagusia izango dira.
Datozen asteetan egingo dituzte inkestak kanpoko enpresa baten bitartez. Gazteek telefonoz edo aurrez aurreko elkarrizketen bitartez galdetegi bat erantzun beharko dute, eta horietan parte hartzeko deia egiten diete adin tarte horretako gazteei: “Zenbat eta inkesta gehiago egin, orduan eta eraginkorragoak izango dira ateratako datuak. Hori dela eta, garrantzitsua da gazteen parte-hartze handia lortzea”.
Diru laguntzak. Bestalde, udalak gogora ekarri du gainera, Lekeitioko 18 eta 35 urte bitarteko gazteek haien etxebizitzetako alokairua ordaintzeko laguntza jasotzeko aukera daukatela oraindik. Izan ere, udalak eskaintzen dituen laguntza horien eskaera egiteko aukera zabalik dago azaroaren 19ra arte. Urtarrilaren 1etik aurrera ordaindutako alokairu errentak edukiko dituzte kontutan, eta laguntza eskatzeko elkarbizitza unitateko kideetatik bat gutxienez Lekeitioko udalerrian erroldatuta egon behar da, bi urteko antzinatasunagaz. Eskaerak udaleko bulego orokorrean egin behar dira. Informazio gehiagorako Lekeitioko Udalagaz jarri behar da harremanetan.