'Sin ojana' zirku eta flamenko ikuskizuna, Markina-Xemeinen
Ikuskizuna barikuan [urriak 8] izango da, 19:00etan, Uni pilotalekuaren aurrean. Emanaldia doan da, eta gonbidapenak udaltzeko kutxazainean daude eskuragarri.
Chicharrón Circo Flamenco taldeak Sin ojana zirku eta flamenko ikuskizuna eskainiko du barikuan [urriak 8], 19:00etan, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuaren aurrean. Emanaldia doan bada ere, gonbidapenak udaletxeko kutxazainean hartu behar dira (08:15etik 20:00etara). Eguraldi txarra egingo balu, ikuskizuna Plazabarripean egingo litzateke.
Sin ojana-k “gezurrik eta hipokrisiarik gabe” esan nahi du. Taldeak askatasunaren kantu bat darama beragaz, flamenkoari, emakumeari eta bizitzako gorabeherei egindako omenaldia. Eta hori bera da Sin ojana ikuskizuna. “Proiektu hau flamenkoarekiko errespetu eta maitasun sakonetik sortzen da, bai eta bere balioak, kulturalak zein gizatiarrak erakutsi eta transmititzeko nahitik ere, eta baita hura omentzeko eta gizartean merezi duen garrantzia emateko beharretik ere”. Umorea eta satira oinarri hartuta, sortzaileak bere beste pasioagaz (zirkua) uztarketa bat egin eta hiru urtetan sortu zuen ikuskizuna.