Urrutikoetxea Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu da Lekeition
Nagusitasunez irabazi zion Victorri 22-7. Lau eta Erdiko Txapelketako partidagaz gainera, beste bi partiduk borobildu zuten Lekeitioko jaialdia.
22-7 irabazi zion Urrikoetxeak Victorri atzo [urriak 3] Lekeition jokatu zuten Lau eta Erdiko Txapelketan, eta horrela, bizkaitarrak final-laurdenetako ligaxka jokatuko du. Victorren aurkako final-zortzirenetako partida nagusitasunez irabazi zuen Urrutik.
Errioxarra espero zena baino maila txarragoan aritu zen, eta Urrutik arazorik barik indargabetu zuen bere jokoa. Sakeak erabakigarriak izan ziren alde batetik; zazpi tanto egin zizkion errioxarrari sakez Urrutik. Lehen tantoetatik Aspekoa estu hartu zuen piloteoan eta ondo aritu zen tantoa amaitzeko orduan. Ezkerretik ondo aritu zen eta dejada eder batzuk ere eskaini zituen. Bestalde Victorrek zabaletik egin zion min bizkaitarrari, baina akats asko ere egin zituen.
Horrela, Urrutik Jakaren aurka jokatuko du urriaren 12an Tolosan. Multzo horretako beste aurkariak Ezkurdia eta Laso izango ditu.
Lau eta Erdiko Txapelketako partidagaz gainera, beste bi partiduk borobildu zuten Lekeitioko jaialdia. Lehen partida Ezkurdia-Bikuña bikoteak irabazi zuen 22-13 Bengoetxea VI-Aranguren bikotearen aurka. Hirugarren partida Zabala-Uriondo bikotearen garaipenagaz amaitu zen; 22-20 irabazi zieten Salaberriari eta Aretxabaletari.