Urruzuno eta Atutxa txapeldunorde geratu dira Bizkaiko Binakako Aizkora Txapelketan
Inhar Urruzuno ondarrutarrak estreinakoz lehiatu du aizkora txapelketa ofizial bat. Min hartuta jarraitzen du Gorozikako harri jasotzaileak, eta aizkoran aritzea "parentesi moduan" hartu duela zehaztu du.
Bizkaiko taldekako harrizulatzaile eta binakako aizkora txapelketa jokatu zituzten atzo [urriak 3], Sestaon. Aizkora txapelketan bigarren sailkatu ziren Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Aitzol Atutxa dimarra. Urruzunorentzat bere lehen aizkora txapelketa ofiziala izan da honakoa.
Sei bikoteren artean erabaki zen Bizkaiko Binakako Aizkora Txapelketa. Gorozikako kirolariak eta bere bikoteak hamasei minutu eta hamasei segundotan burutu zituzten lanak. Larrea aita-semeak dira egungo txapeldunak. Horiek hamabost minutu eta 50 segundoko marka egin zuten atzo. Hirugarren postua Naredo-Irazabal bikotearentzat izan zen. Hamasei minutu eta 35 segundotan amaitu zuten txapelketa hirugarren sailkatuek.
Inhar Urruzuno: “Osatzen naizenean neurera hasiko naiz, harriekin buru-belarri”
Urruzunok min hartuta segitzen du, eta harrijasotzean aritu ezin denez, aizkoran aritzea “parentesi moduan” hartu du. Plazan badauka esperientzia, baina aizkoran “idearik ez” duela dio: “Hemen hasiberria naiz, bizi erdia harriak altxatzen nabil. Lesio baten ondorioz, ezin dudanez nire lan horretan ibili, eta pentatloirako aizkoran hasi nintzenez, apur bat hor segitzea erabaki dut. Txapelketa honetara oso berde joan naiz. Sei hilabate daramatzat aizkoran, eta urteetako lan bat da hori; ofizio bat da. Parentesi arteko gauza bat da hau. Osatzen naizenean neurera hasiko naiz, harriekin buru-belarri”. Datorren urtean denboraldi “on bat” egin ahal izatea espero du.
Apur bat urduri aritu zen atzo, eta egurrekin zorte onik ez zutela eduki zehaztu du: “Nahikoa zikinak tokatu zitzaizkigun. Agian, egun hobeak tokatu izan balitzaizkigu, irabazteko aukera edukiko genuen. Lau enborretan segidan tokatu zitzaizkigun adarrak, eta hortxe joan zen txapela”. Larrea aita-semeekin aritu dira entrenatzen, eta Urruzunok esan du bazekitela “nahikoa estu” ibiliko zirela eurekin, lehia estua edukiko zutela: “Aurreko astean erakustaldi bat eduki genuen, eta gu izan ginen garaile, eta atzo ez zen posible izan”.
Harrizulatze. Bestalde, taldekako harrizulatze txapelketan Burdin Gazteak nagusitu zen. 11 zulo, 11zm eta 8mm lortu zituzten txapeldunek. Bizkaiko bost taldek lehiatu zuten txapelketa, eta Kabiezes eta Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldea sailkatu ziren bigarren (10 zulo, 3zm eta 1mm) eta hirugarren (9 zulo, 11 zm eta 6mm), hurrenez hurren.