Amaia Aberasturik eskuz egindako eguzkiloreen erakusketa zabalduko du Mutrikun
'Eguzkiloreak eta gehigo' izenburuagaz, Mutrikun bizi den artista bizkaitarrak birziklatutako materialekin egindako 100 lan inguru erakutsiko ditu. Erakusketa Zabielen egongo da ikusgai, urriaren 10etik 24ra.
Amaia Aberasturi abila da artelanak sortzen, eta horren erakusle dira urte askoan egin izan dituen hainbat eta hainbat lan. Artelanak sortzeko eskua edukitzeaz gain, sortzeko erabiltzen duen materiala ere aipatzekoa da: kostaldean batutako materialekin sortzen ditu piezak. 2019an egin zuen lehendabiziko erakusketa Mutrikun, eta orain, berak egindako eguzkiloreen erakusketa (Eguzkiloreak eta gehio) zabalduko du domekan [urriak 10] Mutrikuko Zabiel kultur etxean; erakusketa urriaren 24ra arte egongo da ikusgai, ondoko ordutegian: astelehenetik barikura 18:00etatik 20:30era, eta asteburu eta jai egunetan 12:00etatik 14:30era.
Sortzaileak dio 100 pieza inguru jarriko dituela Zabielen. “Neurri handiko 28 eguzkilore eta gutxi gorabehera neurri txiki eta ertaineko beste 60 pieza egongo dira ikusgai. Handiak direnak kristalagaz babestuta, markoa ipinita egongo dira ikusgai, horman. Horrez gain, erdiko mahaian tamaina txikiagoko beste pieza batzuk ipiniko ditut”. Azaldu du bitrinetan “babestuago” egoten direla eguzkiloreak. “Denboragaz, ez dute hautsik ere hartzen, eta hobeto kontserbatzen dira”.
Zehaztu du eguzkiloreak egiterakoan batez ere kartoia erabili duela. “Kartoiaz gain, papera, harriak eta itsasoak gure kostaldera ekarritako egurrak ere euskarri modura erabiltzen ditut”.
Mutrikun aurkeztuko duen materiala azken zazpi hilabetetan egin duela dio. “”. Sortzaileak kristalagaz babestuta erakutsiko dituen tamaina handiko eguzkiloreak (52×52 zentimetro) nabarmendu nahi izan ditu.
Eta noski, erakutsiko duen guztia salgai egongo da. Beraz, herritarrek herritarrak egindako artelana etxera eramateko aukera edukiko dute.
Aberasturik dio Aste Santuan Ondarroan ipinitako erakusketaren formatua errepikatuko duela Mutrikun. “Ondarroan ere eguzkiloreen erakusketa egin nuen, eta oso arrakastatsua izan zen. Pieza asko saldu nituen, eta jendeak asko-asko estimatu zituen”. Bereziki Ondarroarako egindako piezak ere sortu zituen, eguzkiloreei ‘Ondarroa’ hitza ipiniz. “Jendearen erantzuna sekulakoa izan zen”.