Lau panel jarri dituzte Etxebarrian 36ko gerran hildako herritarren omenez
Herrigunean jarri ditu panelak Ahaztuen Oroimena elkarteak, gune horietan hil edo jaio ziren herritarrak gogoan hartuta. Panel horien zein 36ko gerraren ondorioz hildako etxebarritarrei gertatutakoaren berri emango dute barikuan [urriak 8] egingo duten aurkezpenean.
Etxebarriko herrigunean, herritarren eguneroko bidean, 36ko gerrak hil zituen zenbait herritarren memoria lekuak sortu ditu Ahaztuen Oroimena elkarteak. 1936ko gerraren ondorioz hildako herritarrak gogora ekarri, omendu eta haiei gertatutakoa transmititzea dute helburu, eta horretarako lau seinale edo panel informatibo jarri dituzte.
Amotokua baserriko bidegurutzean, Txori Bentako zubian eta Olaia aurrean jarri dituzte panelak gune horietan bertan 36ko gerraren ondorioz hil ziren Juan Jose Idoeta Solozabal Amoto Txikiren (Etxebarria, Amotokua baserria, 1874-Etxebarria, Beide baserria, 1936), Benito Agapito Bereziartua Egiaren (Etxebarria, Lomiño Barrena baserria 1924-Etxebarria, Txoribenta, 1937), eta Miguel Ibarzabal Arrietaren (Xemein, Asta Goiko baserria, 1910-Etxebarria, 1937) omenez, eta Peñanekua plazan jarri dute laugarrena , bertan jaio zen-eta Faxistek hil zuten Jose Ignazio Peñagarikano Solozabal (Etxebarria, 1872–Hernani, 1936).
Seinale edo panel bakoitzak QR kode bat dauka, eta Ahaztuen Oroimena elkartekoek hildako guztien azalpenagaz osatu duten txostenagaz dauka lotura. Txostena interaktiboa da, eta 1936ko gertaeren mapa orokorrerako lotura ere badu.
Paneletan ageri direnez gain, hildako herritarren zerrenda luzeagoa da, eta hori ere aurkeztuko du elkarteak «eurak ere euren memoria lekua izan dezaten». Barikuan [urriak 8], 18:30ean Etxebarriko kultur aretoan egingo dute aurkezpena. Ekitaldi horretan, Memoria Lekuak ekimenaren baitan osatu duten txostena aurkeztuko dute eta 36ko gerran hildako herritarrei gertatutakoa ezagutzera emango dute. Bideo bat ere prestatu dute lekuko eta senideen bizipenekin.
Oraingoz, zortzi herritarren lekukotza edota informazioa jaso dute. Hala ere, zerrenda hori luzatzen joan daitekeela azaldu dute: «aurrera jarraitzen dugu ikerketekin, eta horrek izen gehiago ekar ditzake».
- Antonio Arregi Arrizabalaga. (Satzu, Etxebarria, 1914-04-03 -Derio, 1937-06-11): La Esperanza lantegian (Derion/Zamudion) lanean zegoela frankisten erasoaren ondorioz zauritu eta hil zen.
- Ramon Belaustegi Arrillaga. (Aiste Zuri, Etxebarria, 1918-08-14 – Altzola Zaharra-Urtzulo, Etxebarria, 1936-10-06): Altzola Zahar baserrian zegoela, tiro bat jaso zuen; handik Urtzulora eraman eta balak sortutako zauriaren ondorioz odolustu eta hil zen. Inguru hartako pinudian lurperatu zuten gurutze bat jarriz, aurrerago hobitik atera eta Etxebarriko hilerrian lurperatzeko.
- Agapito Bereziartua Egia. (Lomiño Barrena, Etxebarria, 1924-01-28 – Txoribentako zubia, Etxebarria, 1937-05-01): Txori Bentako zubian, bide ertzean aurkitu zuen esku bonba batekin zebilela eztanda egin eta bertan hil zen. Etxebarriko hilerrian lurperatu zuten.
- Feliciano Errasti Elgoibar. (Oizete behekoa, Etxebarria, 1894-11-08 – Durango, 1937-03-31): Feliciano, Etxebarriko Oizete behekoan jaio zen, handik familia guztia Eibarrera joan zen bizitzera eta bertan osatu zuen familia. Armagina zen, baina faxistek Durango bonbardatu zutenean egunean (1937-03-31) bertara joana zen, senideen negoziorako beharrezkoak erostera. Bonbardaketak harrapatu elizan babestu eta hil zen. Durangoko hilerrian hobiratu zuten.
- Juan Jose Idoeta Solozabal. (Amoto, Etxebarria, 1874-02-11 – Beide, Etxebarria, 1936-10-27): Beide baserriak jasotako kanoikada baten ondorioz sortutako sutearen ondorioz, bertako altzariak etxetik ateratzen laguntzera joanda zela, beste obus baten erasoa jasan eta hil egin zen. Markinara eraman zuten arren ezin izan zuten metraila zaurien kalteak sendatzeko. Etxebarriko hilerrian hobiratu zuten.
- Luis Munduate Gastezi. (Errotabarri, Etxebarria, 1937-01-05- Errotabarri, Etxebarria, 1937-01-14): Errotabarrin errefuxiatuta ziren familiaren ume jaio berria osasun arazoengatik hil zen. Aita Maxen frontean zuela haren bila iritsi zen ama eta Alegiako (Gipuzkoa) bikotearen haurra Errotabarrin jaio zen. Egun batzuetara hil egin zen eta Etxebarriko hilerrian lurperatu zuten.
- Jose Unamunzaga Bereziartua. (Aulestiarte, Etxebarria, 1915-07-17 – Aulestiarte, Etxebarria, 1937-04-20): Etxe ostean zegoela, faxistek jaurtitako kanoikada baten obusak eragindako eztandaren ondorioz hil zen.
- Maria Zubillaga Urkidi. (Urta, Etxebarria, 1905-04-11 – BIlbo, 1937-04-18): Etxebarriko Urta baserrian jaio eta Bilbon bizi zen. Egun horretan frankistek burututako aire erasoaren ondorioz hil zen Bilbon. Bertako hilerrian hobiratu zuten.