Lekeitioko Turismo Bulegoak iaz baino 4.000 bisitari gehiago eduki ditu
Bisitarien kopurua pandemia aurreko datuetara hurbiltzen ari dela jakitera eman dute. Kultur eta kirol ekitaldiei dagokionez, 40 jarduera izan dituzte Lekeition ekainetik irailera bitartean.
Lekeitioko Turismo Bulegoak 13.000 bisitari eduki ditu aurtengo udan, iaz baino ia 4.000 gehiago. Datuak, beraz, apurka-apurka pandemia aurreko kopuruetara hurbiltzen ari direla jakitera eman du Lekeitioko Udalak. 2019an, hain zuzen ere, 13.057 bisita jaso zituzten.
Jatorriari dagokionez, jaso dituzten datuen arabera, badirudi uda honetan egoera normalizatu egin dela, eta Euskal Herriko, Espainiako eta Herrialde Katalanetako turismoaren pisua pandemiaren aurreko balioetara hurbiltzen ari dela. Izan ere, Lekeitiok jasotzen dituen bisitari gehienak Euskal Herrikoak, Herrialde Katalanetakoak eta Madrilgoak izan ohi dira. Aurten, Espainiar estatukoak izan dira gehiengoa (%67,74). Horiez gain, atzerriko (%14,16), Bizkaiko (%9,46) eta Euskal Herriko (%6,37) bisitariak nagusitu dira.
Pandemiak eragindako egoeraren aurrean, udalerria hobeto ezagutzeko aukera aprobetxatu dute herritarrek ere. Horrela, turismo bulegora informazio bila hurreratu diren %2,27 lekeitiarrak izan dira.
Jardueren balantzea. Bisitariez gain, udalerrian udan eduki dituzten kultur eta kirol ekintzei buruzko balorazioa ere egin du udalak. Azaldu dutenez, guztira, 40 jarduera inguru izan dituzte Lekeition ekainetik irailera bitartean. “Kirolari dagokionez, estropadak, pilota eta zesta-punta partiduak eduki ditugu. Bestalde, Abaroa jauregiko lorategia kulturaren erdigunea bilakatu da eta ikuskizunak eta kontzertuak izan dira protagonista”. Jarduera horietako sarrera eta dohaintzen bidez 3.022 euro batu dituzte, eta lortutako diru hori guztiori Lekeitioko Elikagaien Bankuari bideratuko diotela jakitera eman dute.