Azaro Fundazioak osasun zentroetako baliabideen erabilera eraginkorragoa sustatzeko proiektu bat zuzenduko du
BioCruces, NavarraBiomed, Nafarroako Industriaren Elkartea eta Frantziako Industria Teknologia Aurreratuen Goi Eskolagaz batera garatuko dute proiektua, eta Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIa eta Nafarroako Ospitalguneagaz ere lankidetzan ariko dira.
Azaro Fundazioak Osasun arretaren balio katearen lehiakortasuna hobetzea helburu duen Healcier proiektu europar berria zuzenduko du. Lau bazkidegaz batera ariko da proiektu horretan: BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutua, Navarrabiomed, Nafarroako Industriaren Elkartea (AIN) eta Frantziako Industria Teknologia Aurreratuen Goi Eskola (ESTIA). Horrez gain, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIaren eta Nafarroako Ospitalgunearen lankidetza estua ere edukiko dute.
Azaldu dutenez, Healcier proiektu europar bat da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatuta dago Interreg Poctefa programaren bidez, eta urtebeteko iraupena izango du – joan den ekainaren 1ean jarri zuten martxan eta 2022ko ekainaren 1ean amaituko da–. Proiektuak osasun zentroetako baliabideen erabilera eraginkorragoa eta efikazagoa bultzatu nahi du, ingurumen eragin txikiagoa izango duen osasun sektore berritzaile eta lehiakorragoa sustatzeko.
Ospitale handi batek urtean kontsumitzen duen energia termikoaren, elektrikoaren eta gasaren batez bestekoa 50 milioi kWh-tik gorakoa da
“Zahartzeak presio handia eragin du osasun sisteman, zerbitzuaren eskaria handituz, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari dagokionez. Eskariaren gorakadak presioa eragiten dio sektoreari, baliabideen erabilera ere areagotuz”. Argitu dutenez, Osasun sektorea baliabideen kontsumo handienetarikoa daukan sektoreetako bat da, eta ondorioz, eragin handia dauka ingurumenaren jasangarritasunean. Horrez gain, hondakin bolumen handia sortzen du, erabilera bakarreko produktuen hondakin ugari: eskularruak, xiringak, hondakin erradioaktiboak, erabili gabeko farmakoak…
“Ideia bat egiteko, ospitale handi batek urtean kontsumitzen duen energia termikoaren, elektrikoaren eta gasaren batez bestekoa 50 milioi kWh-tik gorakoa da. Sortzen dituen hondakinen kopuruak erraz gainditzen ditu 2.000 tonako muga; horietatik hiru laurden hondakin ez-arriskutsuei dagozkie (hiri-hondakinak, papera eta kartoia, plastikoa, tonerrak, elikagai-olioak, obra-hondakinak), eta laurden bat hondakin arriskutsuei (zitostatikoak, laborategiko likidoak, bateriak eta pilak, erradiografiak, produktu arriskutsuen ontziak). Ospitale handi batean 3 milioi xiringa, 14 milioi eskularru, 2.000 tona arroparen garbiketa eta 175.000 m3 ur erabiltzen dira urtean”.
Osasun zentroetan ekonomia zirkularraren diagnostikoa egiteko metodologia bat garatuko dute
Hori dela eta, osasun sektoreak “baliabide horiek modu eraginkorragoan erabiltzearekin eta aprobetxatzearekin lotutako jarduera ekonomikoak garatzeko aukera asko” ematen dituela nabarmendu dute.
Proiektuak lau fase izango ditu: lehenengo, osasun zentroetan ekonomia zirkularraren diagnostikoa egiteko metodologia bat garatuko dute; ondoren, bazkideek, garatutako metodologia erabiliz, proiektuan parte hartzen duten ospitaleetako ekonomia zirkularraren aukeren eta ahalmenen diagnostikoa egingo dute; lortutako datuekin, eskualde bakoitzak jarduera berriak eta negozio-ereduak garatzeko aukeren mapa egingo du, ekonomia zirkularra aplikatuz; eta, azkenik, identifikatutako aukerekin lotutako irtenbideak garatzeko enpresek duten ahalmena baloratuko dute eta konponbideak aplikatzeko Euroeskualdeko beste enpresa edo zentro teknologiko batzuekin lankidetzan aritzeko aukerak definitu.