Lekeitioko triatloia lehiatzeko 387 triatletak izena eman dute
28. Lekeitioko Triatloia zapatuan [urriak 9] lehiatuko dute, 16:00etan hasita. Inoiz baino emakume gehiagok izena eman dute, eta antolatzaileak pozik daude datu horrekin.
Zapatuan [urriak 9] 28. Lekeitioko Triatloia lehiatzeko 387 triatletak izena eman dute. Izena eman duten 89 emakumeek proba lehiatuz gero, emakumezkoen partaidetzan errekorra gaindituko dute. 16:00etan igeriketa probagaz hasiko dute triatloia. 750 m igerian, egin ondoren, 21 kilometro egingo dituzte bizikletan, eta amaitzeko, herri barrutik, korrika 5 kilometroko ibilbidea osatuko dute.
Aurreko urteekin alderatuta, parte hartzaile gutxiago egongo dira aurten. Beste urte batzuetan 500-550 triatleta bitartean batu izan dira Lekeition. Garraitz Kirol Taldeak antolatzen du triatloia, eta zehatzu dute inguruko lasterketetan ere, Durangon adibidez, “oso partaidetza baxua” eduki dutela. “Han normalean 200dik gora eduki izan dituzte, eta aurten, 60 inguru. Uste dugu garai txarra dela, denboraldiz kanpo gabiltza, eta agian horregatik izan da. Nesken partaidetzan errekorra gainditu dugu, 89 emakume datoz. Adibidez, 550 triatletak izena eman zuten urtean, 84 neska etorri ziren. Alde horretatik pozik gaude eta balorazioa positiboa da, 170 pertsona gutxiago edukita, nesken partaidetza inoiz baino gehiago delako”.
Ruben Ruzafa valentziarrak parte hartuko du, hainbat alditan Xterra edo triatloi kroseko munduko txapelduna izan dena. Emakumezkoen artean, Paula Herrero ariko da lehian, pasadan asteburuan Pontevedran Espainiako Txapelketa irabazi zuen
Maila altua egongo dela “ziurtatuta” dagoela azpimarratu dute antolatzaileek. Nazioarteko triatletek ez dute proba lehiatuko, bai, ostera espainiarrek, eta Euska Herriko onenak Lekeitioko triatloian ariko dira: “Australiako taldea ez dator, COVIDagatik handik ezin direlako irten. Olinpiar jokoetara eta joan dira, baina halako probetara eta Euskal Herrira entrenatzera ez dira etorri aurten”.
Besteren artean, Ruben Ruzafa valentziarrak parte hartuko du, hainbat alditan Xterra edo triatloi kroseko munduko txapelduna izan dena. Emakumezkoen artean, Paula Herrero ariko da lehian, pasadan asteburuan Pontevedran Espainiako Txapelketa irabazi zuen: “Portugaleteko Alusigma Peñota triatloi taldekoa da, selekzio bat modura dela esan liteke, eliteko kirolariak bakarrik daude. Adibidez, Ander Okamika triatloian ibili zenean, talde horretan zebilen”.
Halaber, Lea-Artibaitik ere ordezkaritza zabala egongo da. Garraitz Kirol Taldetik, Amandarri Triatloi Taldetik, Alarabi Lea-Artibai Markina klubetik eta Ondarruko Koaxi TTtik 60 bat triatletak izena eman dute.
Oharrak. Beste urteetan plazatik mugitzeko aukera egoten da, baina, aurten, antolakuntzak plaza guztia zarratuko du. Hau da, partaideak eta antolatzaileak bakarrik egon ahalko dira bertan.
Errepideetan eragina edukiko du probak. Bizikletaz egin behar duten ibilbideari dagokionez, Millioi ibilgailuentzat zarratuta egongo da, bi noranzkoetan, 16:15etik 17:30ak aldera arte. “Lehenengo noranzko batean zarratuko da, baina lasterketan buelta erdi ematen duten momentuan–Berriatuko Ur-Hondakinen Transferentzia gunearen parean emango dute buelta–, bi noranzkoak zarratuko dira”. Bizikletan egingo duten ibilbidean aldaketa txiki bat dago, Merkatu plaza inguruan. Joaterakoan, aurreko edizioetan bide laburretik, barruko aldetik egiten zuten, eta gero, buelta guztia ematen zieten merkatuari. Oraingoan, bai goranzkoan eta baita beheranzkoan ere, bide luzetik egingo dute. “Kale txiki hori oinezkoentzat bihurtu dute, eta bazterretan autoak aparkatzen dituzte”. Bizikleta proban, Sabino Arana kaletik irtengo dira Lekeitiotik, eta itzuleran, beheko biribilgunetik sartuko dira Lekeitiora.
Lekeitioko herri barruan parte hartzaileak korrika ari diren bitartean, itsasargirako bidea ere itxi egingo dute.