Markina-xemeindarrak Alarabiren bila ariko dira aurten ere
Lehiaketa bat antolatu du Markina-Xemeingo merkatarien elkarteak. Herriko pertsonaia ezagunaren irudia bilatu behar dute herritarrek Hemen be bai elkarteko komertzioetako erakusleihoetan.
Aurten ere, Non dago Alarabi? lehiaketa antolatu du Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatarien elkarteak. Elkarteko lau saltokitako erakusleihoetan Alarabi bat jarriko dute ezkutatuta, eta horiek bilatzea izango da helburua.
Lehiaketa urriaren 11tik 20ra bitartean egongo da martxan. Hemen be bai elkarteko saltokietako erakusleihoetan begiratu eta Alarabiren irudia aurkitutakoan, dendara sartu behar da eranskailu baten bila. Laurak aurkitutakoan, merkatarien elkartekoek emango duten orri batean itsatsi behar dira. Orri horretan idatzi behar dira bai eta ere izen-abizenak eta telefonoa, eta Artibai kalean dagoen elkartearen postontzian sartu behar da orria. Urriaren 24a baino lehen sartu beharko dira orriak elkartearen postontzian.
Erronka betetzea lortzen dutenen artean 60 euroko sari bi zotz egingo dituzte. Merkatari elkartekoek lehiaketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. “Herriko komertzioetako erakusleiho zoragarriak ezagutzeaz gain, zozketan parte hartu eta ea saria etxera eramaten duten”. Alarabi non aurkitu duten inori ez esateko gomendioa ere egin dute.