Bueltan da Markina Shots jaialdia
Datorren astean ospatuko da hiru egunez (urriaren 14tik 16ra) luzatuko den jaialdia. Maila handiko musikariak bilduko ditu oraingoan ere.
Kontzertua Kontzekupean, 2018ko Markina Shots eta Topabeer jaialdian. Markina-Xemeingo kaleak rock and roll doinuez beteko ditu, berriro ere, Markina Shots jaialdiak. Murrizketa gehienak bertan behera geratu ondoren, kontzertuak pandemia aurreko antzeko baldintzetan antolatzeko aukera dago, eta denborarik ez dute galdu Markina Shotseko antolatzaileek. Baimenak eskuratu eta datorren asterako prestatu dute hiru egunez (urriaren 14tik 16ra) luzatuko den jaialdia.
Ez da antolatzaileek nahiko luketen moduko jaialdia izango. Izan ere, azken urteetan Topabeer artisau garagardo azokagaz lagunduta antolatu dute Markina Shots, baina aurten, egoera tarteko, Topabeer antolatzea ezinezko egin zaie. Hala ere, Markina Shots-egaz aurrera egitea erabaki dute, «rock and rolla herritarrei hurreratu asmoz».
Egunez egun. Eguenean [urriak 14] hasiko da jaialdiko egitaraua Sonic Shakers taldearen kalez kaleko rock emanaldiagaz. Kontzertu ibiltaria izango da; herriko hiru tokitan joko dute: Goiko Portalean, Zelaiko terrazen inguruan eta Kontzekupe inguruan. Talde hori Sonic Trash eta Moonshakers taldeetako kide batzuek osatu dutela azaldu dute antolatzaileek. «Markina Shots-erako elkartu dira beren-beregi».
Barikuan [urriak 15] ere herriko kaleetan zehar zabalduko da musika giroa. Kalez kaleko swing emanaldia eskainiko du Crazy Jazzers taldeak eta dantza erakustaldia ere egongo da Little Harlem Bilboko Swing Eskolaren eskutik. Horiek ere aurreko eguneko hiru gune berberetan egingo dute geldialdia. «Swinga Markina Shots-en apustu berria da, eta hurrengo jaialdietan gelditzeko asmoagaz etorri da».

Zapaturako [urriak16] utzi dute ekitaldi nagusia, eta aurten ere, hiru talde handi igoko ditu Markina Shots jaialdiak Kontzekupeko oholtzara: Los Bengala (Zaragoza) Los Tiki Phantoms (Herrialde Katalanak) eta The Brontes (Gasteiz). «Lehenengo biak izen handiko taldeak dira Espainiar estatuan eta hirugarrenak, etxekoak, izugarri talde ona dira».
Aurten ere gustu guztiak ase nahi izan dituzte, eta, beraz, estilo aldetik ezberdinak dira hiru taldeak: “Los Tiki Phantomsen musika Rock and roll klasikoan oinarritzen da, bereziki surf rockean, Los Bengala talde zaragozarrak garage estiloko musika jotzen du, eta The Brontesek musika alternatiboagoa».
Jaialdiko emanaldi guztiak arratsaldean hasiko dira.