Karraspio da erabiltzaileek hoberen baloratu duten hondartza
Hondartzen balorazioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Mendexako hondartza izan da erabiltzaileek hobekien baloratu dutena. Ogella (Ispaster) garbienetakoa izan da, 8,26 puntugaz.
Erabiltzaileek erantzundako inkestaren arabera, Mendexako Karraspio izan da herritarrek hoberen baloratu dutena: 9,14 puntu eskuratu ditu. Ibarrangeluko Lagak 8,90 puntu eta Plentziako hondartzak 8,77 puntu lortu dituzte. Aldundiak nabarmendu du hondartza guztiek jaso dutela 6 puntutik gorako kalifikazioa. Hondartzen garbitasunari dagokionez, Ogella izan da garbienetakoa 8,26 puntugaz. Bermeoko Aritzatxuren (8,35) atzetik geratu da. Bizkaiko hondartzen garbitasunaren bataz bestekoa 7,74koa izan da.
Oro har, Bizkaiko hondartzek balorazio “oso ona” eduki dutela azpimarratu du aldundiak; 7,73ko puntuazioa jaso dute Bizkaiko hondartzek; iaz, 7,92ko balorazioa eduki zuten.
Beste urte batez, segurtasuna da inkestatuek ondoen baloratu dutena: 8,92ko puntuazioa jaso du, azken bost urteetako onena. Eta, arlo horren barruan, sorosleek ematen duten zerbitzua da, berriro, ondoen baloratu dutena; 9,88ko puntuazioa eduki du. “Nota horrekin azken 5 urteetako baloraziorik onena jaso du zerbitzuak”, adierazi dute aldundiko ordezkariek. Bainurako segurtasunak ere puntuazioa hobetu du, eta, aurten, 9,67 puntu lortu ditu. Gauza bera gertatzen da hondartzainen eraginkortasunarekin: 8,83 puntu jaso ditu.
Zerbitzu eta ekipamenduek 7,64ko puntuazioa jaso dute, arlo horretan iaz lortutako puntuazioa baino handiagoa; iaz 7,17 puntu jaso zituen. Bozgorailuen erabilgarritasuna (7,75 puntu) izan da erabiltzaileek hoberen baloratu dutena. Dutxa kopuruari 7,32ko puntuazioa jarri diote.
Umeen eskumuturreko zerbitzua berariaz aztertzen du aldundiak, eta 8,72ko puntuazioa jaso du. Lagundutako bainua ere, bikaintasunez baloratu dute: 9,18ko balioa eman diote.
Gehienak autoz. Autoak izan dira, beste urte batez, hondartzetara joateko garraiobide nagusia: jendearen %52,9k erabili ditu. Hala ere, zehaztu dute metroan joan-etorriak egin dituzten erabiltzaileen kopuruak gora egin duela, %5,3 izatetik %10,4 izatera igaro direlako.
Erabiltzaile gehienek hurbilen dituzten hondartzak aukeratzen dituzte euren egonaldietarako, eta erbiltzaileen %89,7 bainatu egiten dira joaten diren bakoitzean. Hareatzetan emandako denborari dagokionez, areagotu egin da aurten; iaz 3,67 ordu izan zen erabiltzaileen bataz bestekoa, eta aurten, 3,96 ordutakoa da. Denbora hori ez da pandemiaren aurretik naturgune horien erabiltzaileek bataz beste igarotzen zuten lau ordutik gorako denborara hurbiltzen.
Pandemiaren ondorioz hartutako neurriei dagokionez, hamar pertsonatik ia bederatzik (%89,3) “oso seguru” sentitu direla esan dute. Segurtasun pertzepzio hori “nabarmen handitu” da aurreko urtearekin alderatuta; iaz inkestatutako pertsonen % 77,4k adierazi zuen seguru zegoela haretzan, eta % 74,9k, uretan.
Datuak:
- 2.355.563 erabiltzaile. Meteorologiak hondartzetako asistentzia %13,03 murriztu du, eta 2.355.563 pertsona izan dira irailaren 1etik 30era bitartean hondartzetara joan direnak; iaz, 2.708.506 pertsona joan ziren. Kontuan hartu behar da iazko denboraldia ekainaren 15ean hasi zela, normalean baino hamabost egun beranduago.
- 14 aldiz zarratu dituzte hondartzak. Aurten iaz baino gutxiagotan bete dira hondartzak. Hain zuzen, 14 aldiz itxi behar izan dituzte. Iaz, ostera, 20 bider. Hondartza txikiak dira gehienetan hustu dituztenak, batez ere Aritzatxu.
- 3.905: sorosle taldearen laguntza jarduketak. Hondartzetara joandako pertsonen kopurua murriztu egin denez, gutxitu egin da Gurutze Gorriak ematen duen Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuaren jarduera. Hain zuzen, 3.905 jarduketa egin behar izan dituzte; iaz 5.099 izan ziren. Laguntza gehienak zaurien (2.198) eta xabiroi ziztaden (573) ondorioz izan direla zehaztu dute.
- 1.178: erregistratutako gorabeherak. Hondartzainek 1.178 gorabehera erregistratu dituzte aurten, iaz baino 218 gehiago. Jasotako erreklamazioak 55 izan dira; 2020an 104 izan ziren.
- 501.640 kilo hondakin. Lau hilabetetan hondartzetako garbiketa zerbitzuak 501.640 kilo hondakin bildu ditu. Hondakin gehienak (295.858 kilo) erabiltzaileek paperontzi berdeetara botatzen dutena izan da. Mareek ekarritako hondakinak, ostera, 163.762 kilo izan dira, eta hareatzetako sarreretan jarritako edukiontzi horietan 42.020 kilo jaso dituzte.