Herriko erosleak bildu ditu Mutrikuko urriko Merkatu Txikiak
Udako azoketan egon ohi diren kanpoko erosleen falta sumatu dute gaur [urriak 9] Beheko Plazan batu diren ekoizleek. Oilasko erreak goizetik hasi dira eskatzen eta, hortaz, eguerdia baino lehenago hasi dira zerbitzatzen.
Giro ederrean egin da urriko Merkatu Txikia gaur [urriak 9], Mutrikun. Beheko Plazan lore, ezti, marnelada, barazki eta fruta, gazta eta oilasko errea egon dira aukeran 09:00etatik 14:00ak ingurura arte. Udako azoketan egon ohi diren kanpotarren falta sumatu dute ekoizleek oro har, baina bertan egon dira hutsik egiten ez duten herritarrak.
Salmentak nahikoa “motel” joan dira goiz partean, baina eguerdian jende gehiago batu denean, hobetu dira. Edozelan ere, horrelako azoken garrantzia nabarmendu dute bertan bildu diren ekoizleek. Eta udan gehiago egiteko aukera mahai gaineratu duenik ere egon da: “Udan hamabostero egten ditugu azokak, uztailean bi eta abuztuan beste bi. Beharbada, astero egin beharko genituzke halakoak, uda sasoia bera eta kanpotarrak iblitzen direla aprobetxatuta. Kanpoko jende asko etortzen da oinez herrira, eta jende asko batzen da”.
Erantzun ona. Atun errearen lekuan, Eusko Labeldun LumaGorri oilaskoa dastatzen aukera eskaini du merkatuak. LumaGorrikoak pozik zeuden jendearen erantzunarekin: “Goizean pentsa baino arinago etorri da jendea oilasko eske. 12:00etan banatzen hasteko asmoa geneukan, baina arinago egin dugu”. Erosi duten gehientsuenek etxera eramateko eskatu dute, baina egon da Beheko Plazan bertan lagun artean dastatu duenik ere.