Maddi Marquetek eta Ander Garciak irabazi dute 28. Lekeitioko Triatloia
Aitana Abalosek eta Claudia Martinezek osatu dute emakumeen podiuma eta Joanes Goitisolok eta Ruben Ruzafak gizonezkoena. Amandarri Triatloi Klubeko Mikel Arrasate gazteak zortzigarren postua lortu du.
Triatloizaleen plaza izan da gaur [urriak 9] Lekeitio. 16:00etan puntu-puntuan hasi dute emakumeek 28. Lekeitioko triatloia, eta ordu laurden beranduago gizonezkoek. Urduritasuna, tentsioa igarri-igarriak ziren parte hartzaileen artean. 750 metro igerian, 21 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrikan, egiteko hori zeukaten aurretik izena emanda zeukaten 387 triatletek, horietatik 89 emakumeak, inoizko gehienak. Pandemia egoera dela eta, Espainiako estatuz kanpoko triatletarik ez da etorri, baina, haien faltan, Euskal Herriko eta Espainiako onenak batu dira Lekeition.
Emakumeetan Aitana Abalosek egin du azkarren igeriketa proba, baina, bizikletan Maddi Marquetek aurrea hartu dio, eta korrikako lehen metroetan alde nabarmena aterata, eta ez du arazorik izan irabazteko. Atletico San Sebastianeko triatletak Berlanga de Dueroko (Gaztela eta Leon, Espainia) duatloia irabazi du oraintsu, eta maila ezin hobean dagoela erakutsi du. Pozarren ospatu du garaipena helmuga zeharkatu duenean. Korrikako 5 kilometroak 19.24ko denboran burutu ditu, eta 01.11.22an gelditu du kronoa. Abalos (Yepa Triatloi Kluba) sartu da bigarren, irabazlearengandik minutu 1 eta 31 segundora eta Trikideak taldeko Claudia Martinez izan da hirugarrena.
Gizonezkoetan, ordubeteko kronoa (01.00.31) markatu du Ander Garcia (Alusigma Peñota) irabazleak. Bigarren atera da uretatik 10.12ko kronoa eginda, eta ondorengo minutuetan faboritoen taldeak harrapatu du. Korrikako 5 km-ak 15.29ko denboran egin ditu, eta bakarrik sartu da helmugan 23 urteko gasteiztarra, proba ikusgarria burututa. Irabazlearen taldekide Joanes Goitisolo gernikarra izan da bigarrena helmuga gurutzatzen eta hirugarrena, hainbat alditan Xterra edo triatloi kroseko munduko txapelduna izan dena: Ruben Ruzafa valentziarra. Amandarriko Mikel Arrasate gaztearen 8. postuak aipamen berezia merezi du. Aurreko postuetan ibili da igeriketa saiotik, daukan maila erakutsita. 01.02.12ko krono bikaina egin du.
Triatloia egin bitartean, Milloi ibilgailuentzat itxita egon da, bi noranzkoetan, 16:15etik 17:30ak aldera arte. Eta Lekeitioko herri barruan parte hartzaileak korrika ari ziren bitartean, itsasargirako bidea ere itxi egin dute.
Segurtasun neurriak. Covid-19a tarteko, segurtasun neurri zorrotzekin egin dute triatloia. Independentzia plaza eta plaza ondoko portu eremua hesituta egon dira uneoro. Garraitz Kirol Taldekoek eta haien ondoan aritu diren boluntarioek lan asko eta ona egin dute kirol proba behar modura ateratzeko.