180 txirrindulari inguru batu ditu Cikautxo Lea-Artibai Klasikoak
Kirol proba giro onean egin zela esan dute antolatzaileek. Parte hartzaileen erdiak, gutxi gorabehera, 75 kilometroko ibilbide motza egin du eta beste erdiak, 138 kilometroko ibilbide luzea.
Cikautxo Lea-Artibai Klasikoa martxa zikloturistaren baitan adin eta maila ezberdinetako txirrindulariek zeharkatu zuten Lea-Artibai eskualdea atzo [urriak 10] goizean. Proba antolatu duten Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteetako ordezkariek esan dutenez, 180 txirrindulari inguru atera ziren errepidera. “Ohikoa den modura, parte hartzaile askok azken unean izena eman zuten; heren bat baino gehiagok azken egunean izena eman zuen. Bertan egunean ere etorri zen jendea, eta proban parte hartzeko onartu genituen”.
09:00etan hasi zuten kirol proba Berriatuko Cikautxo kooperatiba paretik. Parte hartzaileek bi ibilbide izan zituzten aukeran, eta bakoitzak bere neurrikoa hautatu ahal izan zuen: 75 kilometroko ibilbide motza eta 138 kilometroko ibilbide luzea. “Parte hartzaileen erdiak, gutxi gorabehera, ibilbide motza egin zuen, eta beste erdiak luzea”. Giro ona izan zen nagusi, eta guztia “ondo” joan zela esan dute. “Eguraldi ederra egin zuen, eta ez zen egon inolako egoera arriskutsurik. Alde horretatik pozik geratu ginen eta parte hartzaileak ere pozik ikusi genituen”.
Txirrinduzaleentzako sortutako ekimena izan zen, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez zen lasterketa bat izan. Hala ere, nahi izan zutenek, gainera, Markina-Xemeingo biribilgunean hasi eta Lekoiz gainera arte denboraz neurtutako tartea egiteko aukera eduki zuten. Txipagaz neurtutako kronoigoeran giharrak estutzeko aukera eduki zuen batek baino gehiagok. Aldapa gogorra azkarren igo zuten lehen hiru gizon eta emakumeek saria jaso zuten, baita eskualdeko azkarrenek ere.
Honako txirrindulariak saritu zituzten:
- Gizonezkoen kategoriako azkarrenak:
- Asier Irigoien (Burlata); 9 minutu, 38 segundo eta 74 ehuneneko.
- Kimetz Etxabe (Deba); 9 minutu, 42 segundo eta 53 ehuneneko.
- Ivan Uberuaga (Munitibar); 10 minutu, 2 segundo eta 15 ehuneneko.
- Emakumeen kategoriako azkarrenak:
- Inge Iribar Azkue (Getaria); 13 minutu, 8 segundo eta 15 ehuneneko.
- Marta Ochoa de Etxaguen (Gasteiz); 14 minutu, 27 segundo eta 79 ehuneneko.
- Ana Balenziaga (Elosua); 15 minutu, 10 segundo eta 49 ehuneneko.
- Lea-Artibai eskualdeko azkarrenak:
- Ivan Uberuaga (Munitibar); 10 minutu, 2 segundo eta 15 ehuneneko.
- Leire Bereikua (Berriatua); 19 minutu, 59 segundo eta 55 ehuneneko.
Cikautxo parean egin zuten amaiera ekitaldia, eta horretan bertoko produktuekin osatutako pintxoak dastatzeko aukera egon zen. Lekoizko kronoigoerako azkarrenei opariak banatu zizkieten eta parte hartzaile guztiei eskualdeko kontserbagileen lata bat ere eman zieten.