Artikutzako mendilerrora irteera antolatu dute Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek
Arantzako udalerritik hasita 15,1 kilometroko ibilbide zirkularra osatuko dute domekan [urriak 17]. Pandemia hasi zenetik egingo duten lehen irteera bateratua izango da. Izena emateko azken eguna eguena [urriak 14] da.
Osasun neurriek ahalbidetuta, urteko lehen irteera bateratua egingo dute domekan [urrriak 17] Lea-Artibai eta Mutrikuko mendigoizale taldeek. Pandemia dela eta, urte eta erdian ezin izan dute irteera bateraturik antolatu, eta hurrengoa egiteko “gogotsu” daudela aitortu dute. Inguruetako mendizale guztiak Artikutzako mendilerrotik zehar egingo duten ibilaldian parte hartzera gonbidatu dituzte.
Arantzako udalerritik hasita ibilbide zirkularra osatuko dute, eta bidean Izu (829 metro) eta Pagolleta (694 metro) mendiak igoko dituzte. Guztira, 15,1 kilometrotako ibilbidea egingo dute domekan, eta mendi taldeek jakitera eman dutenez, gutxi gorabehera, 5 bat ordutan egiteko modukoa da. Indartsu daudenek, gainera, ibilaldia luzatzeko aukera edukiko dute; Artikutzatik igarota, beste 6 kilometro gehiago egin ahal izango dituzte.
Irteeran parte hartu nahi dutenek, betiko modura, izena eman beharko dute aldez aurretik; horretarako azken eguna eguena [urriak 14] da. Parte hartu nahi dutenek ohiko lekuetan izena eman behar dute: Mutrikuko Aparra jantzi dendan, Ondarroako Anaitasuna tabernan eta Markina-Xemeingo Loirats dendan. Hiru herri horietara bertaratzerik ez dutenek, 616 84 71 18 (Marije) telefono zenbakira deituta edo whatsapp mezu bat bidalita ere izena eman dezakete.
Arantzara joateko autobusa antolatu dute mendi taldeek. Autobusak 07:30ean irtengo du Markina-Xemeingo autobus geltokitik eta handik beste herrietako mendigoizaleen bila abiatuko da; iragarri dutenez, Lekeitioko ibiltariek ere bertan hartuko dute autobusa. Ondarroako mendizaleak 07:45ean batuko dituzte Astilleruko geltokian eta 07:50ak aldera ailegatuko da autobusa Mutrikuko Txanbolingo biribilgunera. “Izena ematen dutenen artean berriatuarrik balego, Berriatuko autobus geltokian ere egingo dugu geldialdia”.