Protesta jendetsua egin dute Ondarroan, Hispanitatearen Egunaren aurka
Ondarroako Alamedatik hasita Zubi Barrirainoko bidea egin du Ernai Gazte Antolakundeak deitutako manifestazioak. Urriaren 12an "ezer ez dagoela ospatzeko" adierazi dute.
Gaur [urriak 12] Hispanitatearen Eguna dela eta, mobilizazioak egin ditu Ernai Gazte Antolakundeak Hego Euskal Herriko hainbat eskualdetan; Lea-Artibai mailako mobilizazioa Ondarroan egin dute Bestelako Euskal Herria posible da. Gazteok independentzia lelopean. Esan dutenez, mobilizazioaren helburua izan da “ukazioan, inposizioan eta injustizietan oinarritutako Espainiako 78ko Erregimenak ordezkatzen duen proiektuaren aurrean, aldarri independentista kalera ateratzea”. Gaineratu dute urriaren 12an “ez dagoela ezer ospatzeko”.
Eskualdeko ehunka herritarrek bat egin dute eguerdian Ondarroako Alamedatik abiatuta egin den mobilizazioagaz. Besteak beste, ondoko leloak entzun ahal izan dira: “Independentzia“, “Independentzia, sozialismoa“, “Estatu espaƱola, estatu terrorista“. Zubi Barrian amaitu dute protesta, eta bertan urriaren 12a jai egun arrotza dela azpimarratu dute. Kontrako eran, gaurko eguna 78ko erregimenari “arrakalak biderkatzeko” eta haren zutabe guztiak eraisteko eguna dela esan dute. “Gure herriaren biziraupenaren izenean gazte independentistoi ezinbestekoa zaigu 78ko erregimenaren ametsik gaiztoena izaten jarraitzea”.
Bestelako Euskal Herri bat posible dela sinisten dutela nabarmendu dute, eta horretarako Euskal Herriaren eraikuntza “helduleku” bihurtu behar dela esan dute. “Orain inoiz baino gehiago, gure egitekoa da euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea egitea. Urriaren 12an bezala, egunerokoan, herri eta auzoetan, gazte independentistak artikulatu eta etorkizun justu bat eskainiko digun herri askea eraikitzen hasteko unea da. Jarrai dezagun bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa eraikitzen, egunez egun langile sektoreon beharretara dagoen herria eraikitzen“.