Topagune bat sortu dute Markina-Xemeinen, migratzaileei laguntzeko
Hilero batzen dira informazioa partekatu edota bazkari edo bestelako ekintzak egiteko. Topaketa horiek autoestimua igotzeko eta integratuago sentitzeko balio dietela dio Silvia Cabo Gonzalez Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak.
Ondare irisgarria eta inklusiboa jorratuko duten 214 proposamen kultural eskainiko dira Bizkaian urrian, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarria eta inklusiboa lelotik abiatuta osatu dute aurtengo programa 50 udalerrik eta 100 erakunde eta kultur elkarte baino gehiagok. Horien artean, Markina-Xemeinen, ipuin kontaketak antolatu dituzte urriaren 23rako; udalerrian bizi diren jatorri geografiko askoko pertsonek euren mundu ikuskera plazaratuko dute kontakizunen bidez.
Herria osatzen duten kolektiboen ahotsetatik, herrialde batetik bestera, beste kultura batzuetara eta beste hizkuntza batzuetara eramango duten kontakizunak entzun ahalko dira; Nikaragua, Senegal, Errumania, Moldavia, Kolonbia eta Marokoko ipuinak, besteak beste. Prestaketak hasita daude. Orain dela aste batzuetatik hona talde bat Uhagonen biltzen ari da ipuin kontaketa saioa prestatzeko. Horietako asko Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuaken bidez hilero batzen den taldeko kideak dira.
Silvia Cabo Gonzalez Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak esan duenez, ekitaldiak harrera ona eduki du parte hartzaileen artean. Herriko zerbaitetan parte hartzeko kontuan izan dituztela sentitu dute, eta horrelako jarduera gehiago egin beharko liratekeela iruditzen zaio, «herriaren parte sentitu daitezen».
Gernika-Lumoko martxagaz jarri zen abian Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartea
Elkartea. Gernika-Lumoko martxagaz jarri zen abian Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartea. Urte batzuetan aldarrikapen eta salaketa sozialeko ekintzetan parte hartu zuten, baina migratzaileen gaia beste ikuspuntu batetik ere landu behar zela ikusten zuen Cabok. Noraezean zenbiltzan migratzaile asko zegoela ikusten zuen, Markina-Xemeinera ailegatutakoan ez zekitenak zer egin. Egoera horri erantzun nahirik, tea hartzeko, askaltzeko, informazioa partekatzeko elkargune bat sortu dute, partaideen artean lotura bat sortu nahirik.
Topaketa horiek autoestimua igotzeko eta integratuago sentitzeko balio dietela dio Cabok, eta migratzaileen arteko hartu emana oso polita dela azpimarratu du: “elkar laguntzen duten komunitatea dira”. Pandemia dela eta, ezin batuta ibili dira, baina egoerak hobera egin ahala, berriro elkartzen hasi da taldea. Urriaren 22an bilera daukate Biltzenegaz, euren egoerari buruzko aholkularitza eta argipenak jasotzeko.
Cabok azaldu du bere egitekoa, batez ere, herrira heltzen direnak gizarte langilearengana edo abokatuarengana bideratzea dela. Dionez, bakoitzaren beharrak desberdinak dira, baina lehenengo pausoa zer egin dezaketen jakitea da. Horretarako hitzordu bat eskatzen dute Gurutze Gorriko abokatuagaz edo, kasuaren arabera, CEAReko abokatuagaz Bilbon edo Lea-Artibaiko gizarte laguntzailegaz.
Senegaldar asko Almeriatik (Espainia) datoz Markina-Xemeinera, beste batzuk, ordea, zuzenean Kanariar Uharteetatik (Espainia).
Hizkuntza oso garrantzitsua da, baita paperak ere. Senegaldarrek, esate baterako, paperak Madrilen bete behar dituzte, Bilbon ez dago-eta enbaxadarik. Beraz, Madrilera joan behar dute, paperak behar dituzte-eta nahitaez abokatuarengana joateko, hizkuntzak ikasteko edo mediku zerbitzua izateko, «bestela ez zara inor».
Errolda agiria ere oso garrantzitsua da. Edozeini ematen diotela esaten dute, baina ez da egia; baldintza batzuk bete behar dituzte, paper batzuk bete, ez da horren erraza. Cabok jakitera eman duenez, borroka handiaren ondoren, Bilboko Udalak kalean zegoen jendeari errolda agiriak ematea lortu du Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuakek. Markina-Xemeinen, zorionez, inor ez dago kalean. Jendea lagun baten etxera joaten da edo gela bat alokatzen du, eta horrela egiten dute aurrera.
Senegaldar asko Almeriatik (Espainia) datoz, beste batzuk, ordea, zuzenean Kanariar Uharteetatik (Espainia). Baina asko Almeriako negutegietatik igaro dira eta egoera zailak bizi izan dituzte: lan baldintza negargarriak jasan eta ahal duten lekuan lo egin dute.
Normalean berton norbait dutelako etortzen dira Markina-Xemeinera edo besteren bat Senegalera itzuli delako eta etxea utzi diolako. Hori guztiori heltzeko aukera badaukate. Bidaiaz kontatzen dutena ez da goxoa; jan eta edan gabeko egunak, bidaia osoan negar egiten duten haurrak, beldurra… Bidaia gogorrak dira, ziurgabetasunez beteak; ez dakite helduko diren eta heltzen badira zer aurkituko duten.
Markina-Xemeinen bizi den senegaldar bati, esaterako, ama hil zaio, eta neba-arreba guztiak zorpetu dira amari ospitalean arreta eman ahal izateko
Cabok azaldu duenez, Senegalen dituzten aukera bakarrak militar bihurtzea edo irakasle egitea dira. Soldadutza bi urte dira, eta ordainduta egoten da, irakasle izateko ikasketak behar dituzte, eta ez daukate horretarako aukera gehiegirik. Gainera, osasun zerbitzua pribatua da, gatazkak daude… Markina-Xemeinen bizi den senegaldar bati, esaterako, ama hil zaio, eta neba-arreba guztiak zorpetu dira amari ospitalean arreta eman ahal izateko. Beraz, aukera hobe baten bila beste herrialde batzuetara joatea erabakitzen dute.
Herrialde askotakoak. Herrialde askotako jendea dago Markina-Xemeinen. Gizarteratuen daudenak, Caboren ustez, errumaniarrak dira. Paperak dituzte eta finkatuago daude, seme-alabak ikastetxeetan ikasten ari dira. Senagaldarren belaunaldi berriak ere badaude, paperak dituztenak; Nikaraguako emakumeak ere badaude. Azken horiek bakarrik datoz, familia guztia han utzita. Etxe batean lan egin eta euren herrialdera itzultzeko asmoa daukate edo, egoerak lagunduz gero, familia ekarri ahal izatea. Euren eskubideak zeintzuk diren ez dakite, eta batzuetan ez dute lan baldintza onik izaten: jai egunik ez, egun osoko jardunak… Herriko egoitzan ere lanean ari dira batzuk, baina horrelako lanpostu bat eskuratzeko paperak behar dituzte nahitaez.
Bestelako kasuak ere badaude. Ezer barik ailegatu zen senegaldar bat, esate baterako, zuzenean Kanariar Uharteetatik. Pateran egin zuen bidaia Kanariar Uharteetara. Harrera baimena dauka, baina hori ez du nahikoa lan egiteko. Beraz, uda osoa hizkuntza ikasten aritu da, eta oraingoz lan egiteko aukerarik ez duenez, artelanak egiten ari da diru apur bat irabazteko. Sare sozialen bidez eman zuen bere lanaren zabalpena Cabok, eta herritar bik erosi dizkiote artelanak. Ongi Etorri Errefuxiatuakek kudeatuko du salmenta, baina lortzen dena beretzako izango da. Bestalde, afrikar oihalekin agendak egingo ditu neska batek, eta lortzen dutena elkartera bideratuko dute.
Paperak lortzeko oztopo asko gainditu behar dira eta izapideak oso luzeak dira
Beti errepikatzen dagoen sorgin gurpila da jasaten duten egoera: jende batek ez dio lan kontraturik egin nahi egoera horretan dagoenari, B modura ordaintzea nahiago dute, eta kontraturik barik ezin dituzte paperak lortu. Lan kontratua izanda ere, gaitza da horiek lortzea. Cabok azaldu duenez, oztopo asko gainditu behar dira eta izapideak oso luzeak dira. Urteak lanean daramatzan batek orain dela gutxi lortu du lan kontratua, adibidez, eta paperak eskuratuko ditu. Hala ere, bi urte barru arte ezin izango du bere familia ekarri.
Gizarteratzeari dagokionez, onarpena desberdina dela dio Cabok: batzuek ez daukate migratzaileak ezagutzeko interesik, baina badago ezagutu nahi dituen jendea ere, lagundu nahi diena. Eta hori agerian geratu da elkarteak egin duen deialdietan; erantzun ona eduki dutela dio Cabok. Eneko Arratek eta Gaztelekukoek esne bilketa aurrera eramaten lagundu zioten, esate baterako, eta esker oneko berbarik ez zaio falta. Gazteak inplikatzen direnean, beste inor ez bezala inplikatzen direla dio. Bilketa hori arrakasta bat izan zela gogoratu du; jendea laguntzeko prest agertu zen, eta lau furgoneta bete zituzten esne kaxez.
Cabok gizarte eragileak falta direla ikusten du, eurekin egoteko, laguntzeko, gidatzeko, aholkatzeko. Herri batzuetan harrera polit bat egiten dela dio, ongietorria eman eta informazioa eskainiz: herrian zer dagoen, hizkuntza non ikasi, ikastaroen berri… eta aurrez aurre bada, hobe. Helburua umeengana heltzea ere badela esan du, «umeak herriko ekintzetara eraman ditzaten».