Dikea luzatu aurretik "hausnarketarako bidea" hartzeko eskatu du Mutrikuko B+Ik
B+Iren iritziz, lanak egiten hasi aurretik herri galdeketa bat egitea beharrezkoa da, eta galdeketa hori kontuan hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari.
Iñigo Agirre Mutrikuko Berdeak+Independenteak udal taldearen bozeramaileak ohartarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak kanpoko dikea beste 150 metro luzatzeko lanak hasteko asmoa dauka laster. “Aldizkari ofizialean ez dute horren berri eman oraindik, baina gure iturrien arabera, esleipena agertzear dago”. B+Iren iritziz, lanak egiten hasi aurretik herri galdeketa bat egitea beharrezkoa da, eta galdeketa hori kontuan hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari. “Espazio horri zer erabilpen emango zion azaldu gabe lanak egiten hasteko asmoa dute, baina guk ezin dugu utzi hausnarketarik gabeko inolako pausorik ematea”.
Eskaera hori babesteko Portua: hausnarketa parte hartzailea orain adierazpena aurkeztu zuten irailaren 30ean egindako ohiko udalbatzan; mozioa onartu egin zen EH Bilduren eta B+Iren aldeko botoekin, eta EAJ abstenitu egin zen. Mozio horren bidez, Portu Zuzendaritzako arduradunekin bilera bat eskatzeko konpromisoa hartu du Mutrikuko Udalak, “dikearen luzeketari buruzko argibideak eta justifikazioak jasotzeko”.
“Plan honek irregulartasuna, atzerapen, emergentziazko konponketa, legez gaindiko jarduera eta diru publiko mordoa hondoratu ditu bere ibilbidean. Baina guzti hauen artean akats larrienetakoa hausnarketa gabezia orokorra izan da”
Tokiko erakundeak, gainera, 2/2018 Portuetako Lege Berria jarraituz, Portuko Udal Kontseilua deitu beharko du Portu Zuzendaritzarekin batera. “Udalak Portuko Plan Bereziari buruzko hausnarketa parte hartzaile bat eskatuko dio, dikearen obra hauek barne. Herritar guztiek parte hartuko duten hausnarketa bat izango da”. Bilera egin eta prozesu parte hartzailea bultzatzeko oinarriak ipintzen ez diren bitartean, obrei ez ekiteko eskatuko dio udalak Portu Zuzendaritzari. B+Iren ustez, “ez du zentzurik” herri galdeketaren emaitzak jakin gabe lanak hasteak.
Mutrikuko Portu Berriaren Plan Bereziak aurrerapen garrantzitsurik eduki ez duela ere salatu du B+Iko zinegotziak. “Plan honek irregulartasuna, atzerapen, emergentziazko konponketa, legez gaindiko jarduera eta diru publiko mordoa hondoratu ditu bere ibilbidean. Baina guzti hauen artean akats larrienetakoa hausnarketa gabezia orokorra izan da. Milaka arrazoi aipatu ditzakegu plan erraldoi honi aurre egiteko, baina, herritarrei hausnarketa sakon bat zor diegula uste dugu benetan”.
2001an onartutako plana “zaharkituta” dagoela gaineratu du. “20 urte zaharkituta dagoen proiektu hau Europako Next generation zerrendara gehitu du Eusko Jaurlaritzak, inolako kontsultarik egin gabe. 15 milioi euro eskatu dituzte, baina Europako Batasunak proiektu hori gauzatzeko dirurik eman ez badio ere, Jaurlaritzak ez du etsi; Portu Zuzendaritza aurrera jarraitzera doa kanpoko dikea beste 150 metro luzatzeko obrarekin”.