Markina-Xemeingo jubilatuek muztioa egiten irakatsi diete umeei
Umeei sagarren kultura erakustea izan dute helburu Beti Jai Elkartekoek. Joan den barikuan [urriak 8] joan ziren umeak Makutegi baserrira prozesua ezagutzera.

Hamar urteko neska-mutilek sagar muztioa egiten ikasi dute Markina-Xemeingo Beti Jai Elkartekoen eskutik. Umeei sagarren kultura erakutsi asmoz bururatu zitzaien ideia Beti Jai Elkartekoei.
Aitita eta amamaren txikitako bizipenek gaurko umeen Interneteko ikus-entzunezko jolasekin zerikusirik ez daukatela-eta, kultura transmisioa zelan egin pentsatzen aritu ziren Beti Jai Elkarteko kideak. Horrela, Markina-Xemein inguruko basoetan sagastiak egonda eta orain sagarrak batzeko sasoia izanik, umeei muztioa zelan egiten den erakustea bururatu zitzaien. “Aurtengo urtea oparoa da eta Makutegi baserrian muztioa ateratzeko makina daukatenez, umeak ekarri eta eurek mostoa egiten jartzea zela planik onena pentsatu genuen”, azaldu dute.

Bekobenta eta Beti Jai Elkartekoak Makutegin. Argazkia: Beti Jai Elkartea
Pentsatu eta egin. Bekobenta eskolagaz lankidetzan belaunaldien arteko truke-jarduerak antolatu ohi ditu Beti Jai Elkarteak, eta horrela, LH 5.mailako umeak gonbidatu zituzten ekimenean parte hartzera.

Umeak muztioa egiten ikasten. Argazkia: Beti Jai Elkartea
Joan den bariku goizean [urriak 8] joan ziren hamar urteko gelako 29 neska-mutil eta horien irakasleak Makutegi baserrira. “Bakoitzak ardura bat zuen, etxetik ekarritako kristalezko botila sagarren muztioagaz betetzea”. Eguraldia ere lagun eduki zutenez, sagastiak ezagutu eta sagarrik helduenak batzen ibili ziren gero, Makutegiko makinagaz muztioa egiteko. “Hain ondo pasatu zuten, batek baino gehiagok botila behin eta berriro bete zuela sagarraren muztioa zelako gozoa den jakin ondoren. Norberak deskubritu, norberak esperimentatu, hori da ikaste prozesuaren oinarria”.

Muztioa egiteko makina erabiltzen. Argazkia: Beti Jai Elkartea
Beti Jai Elkartekoek jakitera eman dutenez, bostkantoia, goldena eta beste hamar sagar mota daude Markina-Xemeingo sagarrondoetan, eta elkarteari esker, sagarrondoen balioa eta muztioa egiteko prozesu osoa ikusi eta ikasteko aukera eduki dute umeek. “Aspalditik, sagarrak, euskaldunon jateko eta edateko kulturaren parte dira. Muztioa egiteko, sagardoa egiteko edo konpota eta pastelak egiteko, sagarrak hor daude beti, eta gainera, sagastiak gure paisaiaren ekosistemaren zuhaitz baliotsuak eta ederrak direla ikasi zuten”.

Beti Jai Elkarteko kideak Makutegin. Argazkia: Beti Jai Elkartea