Nahia Quincocesek Munduko Abentura Raid Txapelketan parte hartu du
Galizian lehiatu dute Munduko Abentura Raid Txapelketa, eta Euskalraid taldeko kidea izan da Nahia Quincoces. Tendinitisagatik txapelketa nahi baino arinago amaitu behar izan du mendexarrak.
Galizian lehiatu berri dute Munduko Abentura Raid Txapelketa, eta bertan parte hartzeko aukera eduki du Nahia Quincoces Altuna mendexarrak. Euskalraid taldeko kidea izan da. Abentura honetan orientatzaile nagusia izan den BeƱat Doyharzabal Iturralde, Aitor Otamendi Zurutuza eta Imanol Garaizabal Agirregomezkorta izan ditu bidelagun.
Nahi baino arinago amaitu behar izan dute Munduko Abentura Raid Txapelketa. Izan ere, Quincocesek min hartu zuen, eta raida utzi behar izan zuten; orkatil gainean tendinitisa dauka. Zazpi eguneko tartean amaitu behar zen txapelketa, eta Euskalraidekoek lau egunetan 400 kilometro egin eta Lugon amaitu zuten txapelketa. “Gogorra izan da, baina aldi berean oso aberatsa. Oso intentsoa da, 24 orduz zabiltza martxan. Lehenengo loa egin genuenerako egun eta erdi esna geunden; bigarren gauean egin genuen lo. Izugarria da gorputzak zelan erantzuten duen. Txapelketa hain luzean lesionatzeko arriskua ere handia da, eta oraingoan niri tokatu zait”, dio mendexarrak.
Nahia Quincoces: “Gurdietako bat apurtu zitzaigun, eta hamabi kilometrotan eroan behar izan genuen. Pila bat kostatu zitzaigun; bi ordutan egin behar genuena, bost bat ordutan egin genuen”
Lau bat ordu lo eginda burutu zituzten 400 kilometro: “Lau pertsonako talde mistoak izan behar dira derrigorrez, eta taldeak antolatzen du dena. Autosufizientzia da. Mapa batzuekin egiten da raid-a. Baliza batzuk, puntu batzuk zehazten dizkizute, eta horietara heldu behar zara, eta liburu batean markatzen zoaz. Trantsizioetan behar duzun materiala edukitzen duzu, piragua, bizikleta edota bestelako materialen kaxa, zuk prestatu duzun dena, janaria barne. Talde bakoitzak erabakitzen du noiz lo, jan edota deskantsatu. Gogorra izan da, lo egin barik, gauean… Eta eguraldiagaz zorte eskasa eduki dugu, euri eta haize asko egin zigun, batez ere lehenengo etapan, eta horren ondorioak igarri genituen gerora”.
“Fisikoki zein mentalki prestatuta joan behar zara, detaile pila bat eduki behar dira kontuan eta behar duzun guztia dena ondo prestatuta eduki behar duzu”
Oinez 120 kilometro eginez hasi zuten txapelketa, Ourensen. Manzaneda eski estaziora igo, eta han tirolina proba egin zuten. Jarraian, bizikletak hartuta 90 km-ko ibilbide bat osatu zuten, eta gero, piraguan bi erreka jaitsi zituzten. Orduan sortu zitzaien lehenengo ezbeharra edo oztopoa: “Gurdietako bat apurtu zitzaigun, eta hamabi kilometrotan eroan behar izan genuen. Pila bat kostatu zitzaigun; bi ordutan egin behar genuena, bost bat ordutan egin genuen”.

Argazkia: Nahia Quincoces.
Mendexarrak azpimarratu du fisikoki zein psikologikoki prestaketa handia edukitzea ezinbestekoa dela halako txapelketak lehiatzeko. Loari eta nekeari aurre eginda aritu dira, eta eguraldia lagun ez edukita ere aurrera egin dute: “Detaile pila bat eduki behar dira kontuan eta behar duzun guztia dena ondo prestatuta eduki behar duzu”. Taldekideek raidetan esperientzia daukate, baina esperientzia honetan hobetzeko zer daukaten ikasi dute: “Eurak Munduko Kopa antzeko probaren bat eginda zeukaten baina mundialean sekula parte hartu gabe zeuden. Mundiala denean beti da gogorragoa eta luzeagoa. Eurak esan zidaten halako raid handi batean parte hartu dutela, baina hain handian ezetz, eta deitaile batzuk ikasteko eta hobetzeko dituztela. Adibidez, lehenengo etapan motxilan pisu gehiegigaz irten ginen. Eguraldi txarra zegoenez, badaezpadako gauza asko hartu genituen. Horrek ere mugatzen zaitu abiaduran. Lehenengo taldeak oso-oso arin irten ziren. Guk euren erritmoa segitu nahi izan genuen, baina, noski, halako pisuagaz euren erritmoa segitzeak desgaste asko suposatzen zuen, eta desgaste hori kilometroak egin ahala, igarri egiten da”.
Etapaz etapa, arazo eta oztopoei aurre egin diete. Laurentzat esperientzia berria izan da, lehenengoz parte hartu dute munduko txapelketa honetan. “Raid munduan dabilen euskaldun talde bat da, eta orain dela hiru urte eurekin egin nuen raid bat. Aukera hau eskaini zidatenean zalantza asko eduki nituen, erronka oso gogorra eta luzea zelako. Oinez eta piraguan moldatu arren, mendiko bizikletan ez nekien euren erritmoa segitzeko kapaz izango nintzen edo ez. Modalitate asko dira eta denetan ondo ibiltzea ez da erraza. Animatu zidaten, eta egia esan esperientzia oso ona izan da”.

Argazkia: Nahia Quincoces.