Ondarroako Zeta Zine Klubak 'Nora' filmaren proiekzioagaz hasiko du ziklo berria
Taldeak domekan [urriak 17] emango dio hasiera denboraldi berriari. Aurrerantzean Kofradia Zaharreko bigarren solairuan proiektatuko dituzte filmak.
Udako etenaldiaren ostean, ikasturte berriari hasiera emateko prest daudela esan dute Ondarroako Zeta Zine Klubeko kideek. Zinema aretoetako karteldegian aste gutxi damatzan eta arraskasta handia lortu duen Nora filmaren proiekzioagaz emango diote hasiera ziklo berriari. Filma Kofradia Zaharreko bigarren solairuko aretoan proiektutako dute, domekan [urriak 17], 18:00etan.
Lara Izagirre zuzendari eta gidoilari zornotzarraren bigarren film luzeak 100 minutuko iraupena dauka. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira proiekzioa hasi baino zer edo zer arinago, 3 euroren truke. Aretoaren edukiera 60 eserlekura mugatuta dagoela eta unean uneko osasun protokoloa betearaziko dutela gaineratu dute; proiekzioak irauten duen denboran maskara jantzita eraman beharko da eta areto barruan ezingo da ezer jan ezta edan ere.
Herritarrekin “kalitatezko zinemagaz gozatzea” da Zeta Zine Klubaren helburu nagusia
Zeta Zine Klubeko arduradunek esan dutenez film sorta “ederra” eskainiko dute maiatzera bitartean. Hurrengo hilabeteetan estilo eta gai desberdinetako filmak izango direla nagusi aurreratu dute. Azpimarratu dutenez, herritarrekin “kalitatezko zinemagaz gozatzea” da egitasmoaren helburu nagusia. Aurreko urtean modura, hilabetero bi film proiektatzeko asmoa dute; domeketan eskaniko dituzte emanaldiak, eta haur eta gaztetxoentzako eskaintza egongo da programazioan. “Hilero helduentzako eta umeentzako film bana eskainiko dugu”.
Taldea iaz hasi zen martxan, eta domekan hasiko dena ikasturte “berezia” izango dela nabarmendu dute. Izan ere, proiekzioak egiteko egoitza aldatu dute. “Ondarroan egiten diren kultur ekintzetako asko Beikozinin egiten dira, eta horregatik gure jarduna Kofradia Zaharrera lekualdatzea erabaki dugu. Beikoziniko arduradunek proiekzioak han egiteko ez dute inolako eragozpenik agertu, baina etorkizunean agendak bateratzeko eta moldatzeko arazoak egon zitezkeela iritzita, egoitzaz aldatzea erabaki dugu. Ondarroako Udalak ere domeka arratsaldetan Kofradia Zaharra laga digu, eta hori ere erabakigarria izan da”.
Proiektuak Beikozinigaz eskutik jarraituko ez badu ere, aretoko arduradunen eskuzabaltasuna eskertu dute
Lekualdaketa taldeak garapen propioa edukitzeko eta epe luzera beronen biziraupena bermatzeko egin dutela diote. “Epe luzeko proiektu baten alde egin dugu. Ondarroan gaur gaurkoz ez dago aretorik zinema areto izateko, baina gure nahia da etorkizunean udalaren eskumeneko areto publiko batean kokatzea, proiektua herritartu eta inoren menpe egon barik gure ibilbideari jarraipena emateko”.
Proiektuak Beikozinigaz eskutik jarraituko ez badu ere, aretoko arduradunen eskuzabaltasuna eskertzeko gogoa sentitu dute Zeta Zine Klubekoek. “Beikoziniko arduradunei gure eskerrik beroena helarazi nahiko genieke euren aretoa eskaintzeagatik. Oso ondo portatu dira gurekin, eta bere garaian eman ziguten bultzada eta aukera ez baligute eman, beharbada, iaz ezingo ginen ezer egiten hasi”.
Proiektua sendotzen joateko asmoagaz, gainera, boluntario sarea hedatzen jarraitzeko asmoa dutela esan dute. “Noiz edo noiz laguntzeko prest azaldu den jendearen zerrenda bat osatuta daukagu. Aurrerago boluntario sare horretara zuzentzeko asmoa daukagu. Norbaitek sare horretako kide izan nahiko balu, gure ateak zabalik aurkituko lituzke”. Interesa dutenek taldekideren batengana hurreratzeko edo zetazineklubtaldea@gmail.com -era idazteko eskatu dute.
Nora filmaren sinopsia. Heriotza batetik abiatuta, Nora protagonistak egindako bidaia islatzen du filmak. Norak 30 urte ditu, Nicolas aitona argentinarrarekin bizi da. Nicolasen heriotzak Dyane 6 auto zahar bat utziko dio herentzian. Norak gaizki gidatzen badu ere, noraezeko road trip-a egingo du Euskal Herriko kostaldetik zehar, aitonaren errautsak amonaren errautsen ondora eramateko. Bideak laster erakutsiko dio ez dela bidaiari izateko jaio, eta bere ametsak ez zuela zerikusirik berarekin, baizik eta libre izateko, hazteko, zauriak ixteko eta lehenengo aldiz bere buruari zoriontsu izateko aukera emateko aitzakia besterik ez zela.