Aldazabal, Lizardi eta Manzisidor, 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketan
Maialen Aldazabal berriatuarrak eta Eneritz Lizardi eta Mikel Manzisidor mutrikuarrek afizionatu mailako Munduko Txapelketa jokatuko dute datorren astean.
23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatuko dute urriaren 18tik 23ra, Espainian; Iscar (Valladolid) eta Vallelado (Segovia) udalerrietan batuko dira pilotariak. Txapelketa lehiatzeko gogoz daude Berriatuko eta Mutrikuko zesta eskoletakoak.
36 metroko frontoietan lehiatuko dute Munduko Txapelketa, zesta, esku pilota eta pala modalitateetan. Mutilak bakarka eta neskak bikoteka ariko dira, eta urriaren 18an hasiko dute ligaxka.
Emakumezkoetan, Berriatuko Zesta Eskolako Ihart Arakistain sopeloztarrak eta Maialen Aldazabal berriatuarrak osatuko dute Espainiako bikote bat. Bestea, berriz, Mutrikuko Danok Bateko Eneritz Lizardi atzelari mutrikuarrak eta Maite Ortiz de Mendibil aurrelari gasteiztarrak osatuko dute. Gizonezkoetan, Danok Bateko Mikel Manzisidor mutrikuarra eta Aaron Gonzalez gasteiztarra ariko dira.
Zestako txapelketan, Espainia, Frantzia, Mexiko eta Kuba lehiatuko dira. Nesketan, Espainiak eta Frantziak bina bikote eta Mexikok bikote bat edukiko dituzte. Mutiletan, berriz, Espainiako eta Frantziako bina pilotarik eta Mexikoko eta Kubako banak lehiatuko dute txapelketa.
Barikuan eta zapatu goizean (urriak 22 eta 23) jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta zapatu arratsaldean finala.
Medailak lortzeko hautagaiak. Roberto Lekue hautatzaileak esan duenez, bertoko gazteak “ilusio handiagaz” daude, eta podiumaren goikaldean egoteko aukera argiak dituzte. Hala, aurten ere hainbat garaipen esanguratsu lortu dituzte. Besteak beste, abuztuan Lizardi eta Manzisidor Europako txapeldun geratu ziren, eta oraintxu jokatu duten Espainiako Kluben arteko txapelketan Aldazabal eta Arakistain ziren.
“Emakumezkoetan jokatzen den lehenengo Munduko Txapelketa da, eta mutiletan bakarkako afizionatuen lehenengoa da. 34 metroko frontoian jokatu da, baina 36 metrokoan hauxe izango da estreinakoa. Neska euskaldunek maila handia daukate, eta urrea eta zilarra lortzea ia segurua da. Laurek 15-16 urte bitartean dituzte, eta bi bikoteek lehenengo bi postuetan geratzeko aukera daukate, batak zein besteak irabazi dezake. Mutiletan ere bietako batek urrea atera dezake. Frantziarrak ere onak dira, eta horiek ere urrea irabazteko lehian egongo dira”, azaldu du Lekuek.