Bizkaiko suhiltzaileen gela mugikorra Lekeitiora ere ailegatuko da
Azaroaren 14an egongo dira Lekeition. Esan dutenez, bisita horretan Markina-Xemeingo suhiltzaile etxeko suhiltzaileek parte hartuko dute. Suteen prebentziorako azalpenak "modu ludikoan eta didaktikoan" emango dituzte.
Herritarrak suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzeko, Bizkaiko suhiltzaileak lurraldeko lau herri bisitatuko dituzte: Santurtzi, Igorre, Lekeitio (azaroak 14) eta Derio. Herri horietara, beren-beregi diseinatutako eta ekipatutako edukiontzi eramangarri bat eramango dute, eta horretan suteen aurkako segurtasun printzipioak eta autobabes printzipioak “modu ludiko eta didaktikoan” azalduko dizkiete haur eta nagusiei.
Zehaztu dutenez, Lekeition Markina-Xemeingo suhiltzaile etxeko suhiltzaileek emango dituzte azalpenak. Suhiltzaileek diotenez, suteen prebentzioaren eta horien aurreko jokabidearen arloko herritarren hezkuntza gainditu gabeko gaia da, eta horren garrantziaz jabetuta, herritarrak sentsibilizatzeko hainbat ekimenetan murgilduta daude.
Gela ibiltariaren egitasmoa iaz sortu zuten, Bizkaiko Suhiltzaileen 50. urteurrenaren harira. Baina pandemia heldu eta ekimena atzeratu egin behar izan zuten, eta erabaki dute orain abiaraztea. “Egunero gertatzen dira suteak, baina ia beti saihestu daitezke. Larrialdirik onena inoiz gertatzen ez dena da”, azpimarratu dute Aldundiko suhiltzaileek.