Eñaut Barruetabeña: "Beltza kolore intsignia bihurtu da niretzat"
Diseinatzaile mutrikuarrak bere bosgarren bilduma aurkeztuko du 080 Barcelona Fashion moda astean. Herriko parajeetan inspiratutako eta beltza nagusi den 21 ‘look’ rockzale sortu ditu.
Urriaren 25ean hasiko da 080 Barcelona Fashion moda astea. Zurea aurten ikusgai egongo den bigarren desfilea izango da. Horrek nolabaiteko presioa sortzen dizu?
Egin beharreko guztia eginda dago, baina aurtengo gizonezkoen lehenengo desfilea neurea izango da. Nahiz eta bilduma lehen egunean edo hurrengoan aurkeztu berdin dela iruditu, bilduma berri bat sortzen duzun unetik norbere lana beste batzuek aztertua izateak beti sortzen du ardura. Hori bai, lehenengo egunean moda gosez daudenak gogotsuago egoten dira, eta beste desfilerik oraindik ez dutenez ikusi, horiek gehiago txunditzeko aukera dago.
Oraingoan ere digitalki aurkeztuko dituzue bildumen desfileak 080TV kanalean. Aurkezpena modu digitalean egiteak zer abantaila eta desabantaila suposatzen ditu zuretzat?
Honakoa digitalki egingo den hirugarren 080 Barcelona Fashion moda astea da. Zuzenekoak ematen dizun adrenalina puntu hori ez daukazu orain; hori da nire ustez desabantailarik handiena. Desfile presentzialak eginda gero, jendearen erreakzioa ikusi eta horiek zuregana egoteko aukera bat egon ohi da, eta beste giro bat sortzen da. Bestelako abantailak eskaintzen dizkigu, ordea, desfile fisiko batetik abiatuta grabatzen den bideo horrek.
Zeintzuk, esaterako?
Sortzaileon kontzeptualitatea beste era batera azaltzeko aukera ematen du. Bideo hori oso landua izaten da, eta desfiletik haratago, zerbait berritzailea sortzeko aukera dago, nahi dugun eszenaratzea artistikotasunetik landuta eta beste itxura bat emanda.
Non grabatu dituzue irudiak?
Espazioa aukeratuta egon da antolakuntzatik; Xavier Corbero eskultore katalanak Esplugues de Llobregat udalerrian egindako Espai XC gunea aukeratu dute horretarako. Gune horren barruan bost kokaleku desberdin daude, eta horietatik bat aukeratu behar genuen. Gure kasuan, kanpoan, eraikinaren plazan grabatu genuen desfilea.
Zelako esperientzia izan da?
Desfilea prestatzerako orduan tentsioan egon ginen, baina esperientzia oso polita izan da. Irudiak grabatu behar genituen egunerako nahikoa eguraldi tristea zegoen iragarrita, eta euria egiteko arriskua ere bazegoen. Aurreko egunean, badaezpada, beste plan bat prestatzen aritu ginen, baina azkenean eguraldi oso ona egin zigun, eta dena oso ondo joan zen.
“Oraingo honetan pasarela tradizionalera bueltatu eta catwalk mitikoari eman nahi izan diot protagonismo nagusia”
Desfilearen emaitzarekin pozik geratu zara?
Irailaren 30ean grabatu genituen irudiak, eta bertan momentuan ikusi nuenarekin pozik geratu nintzen. Hori bai, oraindik ez dut emaitza ikusi, eta, alde horretatik, urduri xamar nago. Izan ere, moda astea hasi baino bi edo hiru egun lehenago arte ez dut azken emaitza ikusteko aukerarik edukiko. Urduri nago zelan hautamango diren bideo horretan erabili ditudan oihalak, ebakerak, kalitateak… zuk zure buruan gauza bat izan dezakegu, baina pantaila batean hori guztia transmititzea ez da erraza izaten; bideoan hori guztia ondo transmititzen den ala ez ikusteko zain nago orain.
Aurreko bi ekitaldieko bideoekin alderatuta, honek badu aldaketarik?
Aurreko biak bideo alternatiboagoak izan ziren, oso artistikoak. Baina oraingo honetan pasarela tradizionalera bueltatu eta catwalk mitikoari eman nahi izan diot protagonismo nagusia. Bestelako irudiak ere egongo dira, zelan ez, baina ikuslea pasarelan bertan catwalk-a ikusten egon balitz bezala sentitzea nahi izan dut. Jendeak aurreko bideoetan hori faltan bota zuela esan dit, eta bereziki hori egitea eskatu nion bideoa grabatzen aritu zen zuzendariari. Orain ea bideoan zelan islatzen duten hori guztia.
Zelan deituko da bilduma?
Nire bosgarren bilduma denez, Bost izena ipini diot. Mutrikuko flysch beltza da bilduma honetako protagonista nagusia. Berau sortzeko orduan Mutrikuko beti-betiko parajeetan inspiratu naiz, egia esan.
“Flyscha irudikatzeko beherakada gutxi duten material sendoagoak topatzen saiatu naiz”
Zelako materialak erabili dituzu flyscharen gogortasuna eta edertasuna irudikatzeko?
Udaberri-udako bildumak aurkeztea tokatzen da, eta alde horretatik, ez dut erabili material oso potolorik; arinagoak edo freskoagoak erabili ditut. Garai epelagoetarako jantziak dira, garai batean esaten zen modura, sasoi artean ibiltzekoak. Flyscha irudikatzeko, hala ere, beherakada gutxi duten material sendoagoak topatzen saiatu naiz. Azkenean flyscha ere hori da, geruza gogorragoen eta finagoen arteko egitura bat, eta kontraste hori sortzen saiatu naiz.
Zure bildumetan orain arte kolore beltza nabarmendu izan da. Oraingoan ere bai?
Beltza kolore intsignia bat bihurtu da niretzat, eta oso eroso sentitzen naiz kolore horretako arropa diseinatzen. Bots oso bilduma iluna da; itxura rockzale eta gogorreko jantzi ilunez osatutako bilduma bat sortzeko beharra sentitu nuen. Mutrikuko flsych beltzaren koloreak irudikatu aldera, beltza erabili dut gehienbat, eta horiekin batera grisa eta zuria. Grisarekin eta zuriarekin argitasun ukitu hori eman nahi izan diot bildumari. Hiru kolore horiek erabili baditut ere, oihalen ehundurarekin jolastu nahi izan dut; besteak beste, beltza beltzarekin sortutako marra bertikal asko ikusiko da bilduma honetan.
Logging 4% zure laugarren bilduma osagarriekin borobildu zenuen. Oraingoan ere halakorik badago?
Aurrekoan egin modura, Tó Garal bitxi egilearen artisau lanak erabiliko ditut. Desfile honetan estreinako, gainera, poltsak ere erabiliko ditugu. Zehazki, Bartzelonan bizi den Miren Billakorta mutrikuarrak egindako Nonnai markakoak dira poltsak. Biak ala biak nire konplize sortzaileak izan dira; desfilean ikusiko diren osagarri guztiak desfilerako propio egindakoak izan dira.
“21 look -etik hamazazpi gizonezkoenak dira eta lau emakumezkoenak”
Aurkeztear zauden bilduma zenbat look-ek osatu dute?
21 look-ek osatuko dute bilduma. Gutxienez, hogei look inguru behar izaten dira norberak azaldu nahi duen kontzeptua ulertzera emateko eta bildumaren kohesioa ikusteko; look gutxiagorekin, nire ustez, ez da ulertzera eman nahi duzun hori guztia ondo ulertzen.
Bilduma honek badauka berezitasunik?
Gutxi aurreratu dezaket, baina emakumearen figuran pentsatutako arropa ere sortu dut estreinako, eta horiek ere ikusteko aukera egongo da desfilean. Ohikoa den modura, nire sorkuntza gehienak gizonezkoari zuzenduta daude; 21 look horietatik hamazazpi gizonezkoenak dira eta lau emakumezkoenak.