Hastear da Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa
Elorrioko Argiñetan emango diote bolariek hasiera txapelketari. Lehendakari Txapelketa jokatuko dute Iruzubietan azaroaren 20an.
Asteburu honetan hasita, hiru txirlo bola jokoa Euskal Herriko bolatokietara itzuliko da. Berrikuntza bategaz dator, gainera, Lehendakari Txapelketa ospatuko da azaroaren 20an, Gipuzkoakoaren eredu berdina jarraituta.
Elorrioko Argiñeta auzoak hartuko du 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren lehenengo jardunaldia zapatuan [urriak 16]. Bola frogatzeko aukera egongo da lehenengo 15:30etik aurrera, eta 16:15ean, txapa martxan jarri eta euro bat ordainduta, bakoitzak bi bola jaurtitzeko aukera edukiko du.
Txapelketari 17:00etan emango diote hasiera. Mikel Urkia Zuloaga Euskal Herriko hiru txirlo bola joko modalitatearen lehendakariak azaldu duenez, izen emateak 5 euro balioko ditu, eta parte hartzaile bakoitzak hiru jaurtialdi egiteko aukera izango du. Sariak egongo dira ekitaldi bakoitzean: lehenengoak 65 euroko saria jasoko du, bigarrenak 50 eurokoa, hirugarrenak 35 eurokoa, laugarrenak 20 eurokoa, bosgarrenak 10 euro jasoko ditu, eta seigarren sailkatuak oparia.
Guztira lau bolatokitatik igaroko da aurten ere norgehiagoka, eta Argiñetan bezala, hurrengo saio guztietako botaldiak 17:00etan hasiko dira. Ohi modura, nahi duen guztiak parte hartu ahalko du. Izena, beti bezala, saioaren egunean bertan eman behar da. Jakitera eman dutenez bola ofiziala 7 zenbakiduna izango da eta ordezkoa 9 zenbakia. Bestalde, ordezko bolatokia ere izendatu dute. Horrela izendatutako bateren batean ezingo balitz Eibarko Asola Berrira eramango lukete botaldia.
Hurrengo jaurtialdiak. Urriaren 23an izango dute bolariek txapelketako bigarren hitzordua Soraluzeko San Andres auzoko bolatokian; hirugarren bolatokia Markina-Xemeingo Lauzirika izango da, azaroaren 6an, eta Garmendipen erabakiko da aurtengo sailkapen orokorra azaroaren 13an.
Hurrengo asteburuan, azaroaren 20an Lehendakari Txapelketa jokatuko da Iruzubietako bolatokian, Ziortza-Bolibarren. “Kanporaketa bidez erabakiko dira garaileak. Hau da, Euskal Herriko Txapelketako sailkapeneko lehenengo 64 bolarien artean izango da norgehiagoka; txapelduna azkenaren kontra, bigarren sailkatua 63.aren aurka, eta horrela Lehendakari Txapelketako txapelduna izendatu arte”, argitu du Urkiak.
Lehendakari eguneko sariak hiru izango dira, guztiak Bola Jokorako Euskal Federazioaren eskutik: lehenengo gelditzen den bolariak 300 euroko saria eta txapela eramango ditu, bigarrenak 200 euroko saria jasoko du, eta hirugarrenak 100 eurokoa.