'Letren jolaslekuan' murgildu nahi ditu irakurleak Yolanda Arrietaren liburu berriak
Lehen irakurleei zuzenduta dago Etxebarriko idazleak Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen Kimu bildumarako idatzi duen lana. Hiru zatitan banatuta dago.
Yolanda Arrieta Etxebarriko idazleak eta Eider Eibar ilustratzaileak hitzak eta irudiak elkartu dituzte letrekin «erdi» haserre dabilen Hodeiren istorioa kontatzeko. Hodeiri letrak kostatu egiten zaizkio, eta bere lagun Ametsek letren jolaslekura eramango du eta antzerki eta txotxongiloen bidez, letrekin adiskidetzen lagunduko dio.
Arrietak Ikaselkarren enkarguz Kimu bildumarako idatzi duen Letren jolaslekuan liburu berria irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 6 urtetik gorako umeei zuzenduta dago. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea du helburu. Idazleak dionez, batzuk erraz irakurtzen dute eta erraz ulertzen dute, eta beste batzuei kostatu egiten zaie letren labirinto horretan sartzea. Azken horiek izan ditu, batez ere kontuan.
Idazleak azaldu duenez, bi gauza lotu ditu liburuan: liburutegia gaia eta bigarren mailako umeentzat izatea. “Horiek lotzerakoan, kontuan hartu nuen liburutegiak niretzako, irakurle berrien kasuan batez ere, zer izan beharko lukeen; leku dinamizatzaile bat, letrak dantzan eta jolasean jartzeko leku bat. Eta bigarren mailako umeak irudikatu nituen batzuk azkar-azkar eta dena ondo irakurtzen dutenak eta dena ulertzen dutenak, eta beste batzuk atzean jarraitu ezinik dabiltzanak. Irakurtzeko moduak asko dira, irakurketa mailak ere desberdinak dira, eta bigarren mailan denetarik egoten da”.
Liburua ipuin bat da, baina hiru zati dituela zehaztu du Arrietak. Hiru zati horiek arazoak dituen ume horren prozesua nolabait zatikatzeko erabili ditu. “Hurbiltzen ari denean, lehenengo letrak beretzat arazo bat dira, ez da letren laguna; bigarrenean bere lagun Ametsek, irakurtzeko arazorik ez daukanak lagundu egiten dio, jolastu egiten du berarekin letrak medio, eta orduan, adiskidetzen ikusten dugu, eta hirugarren zatian adiskidetuta dago letrekin eta hurrengoan, liburutegira bueltatzeko prest”.
Irakurketa errazteko, dinamizatzeko eta ahotsera berriro ekartzeko jokoak planteatzen ditu Arrietak kontakizunaren baitan: dramatizazio olerkiak, aho korapiloak, asmakizunak… “Joko horri esker eta lagun biren arteko konplizitateari esker prozesua erraztu egiten da, eta liburutegia den leku eder hori bilakatzen da letren jolasleku”.
Joan den ikasturtean eman zioten hasiera Kimu bildumari, eta bilduma hori titulu berriekin hornitzen ari dira. Bildumara batu diren azken album bien arteko bat da Arrietak idatzi duen Letren Josalekuan. Ikasberriakek plazaratu berri duen beste liburua Xabier Olasok idatzi eta Sandra Garayoak ilustratu duen Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan izan da.