Luis Betanzos: "Irailaren 2an 185 txori harrapatu genituen Izaron, inoizkorik gehien"
Bermeoko Izaro irlan egiten duten eraztuntze proiektuaren koordinatzailea ere bada Betanzos.
Duela lau urte hasi zineten Izaro Uharteko proiektuagaz. Zer dela eta abiarazi zenuten?
2017an hasi ginen laginketa bat egiten. Bost egun egon ginen han Raul Escandell Preto eraztuntzaile menorkarra eta biok. 171 txori eraztundu genituen, gehienak migratzaileak. Horren ostean, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Urdaibai Bird Centerreko arduradunekin jarri nintzen harremanetan, denon artean egitasmo hau aurrera eroan ahal izateko. Mediterraneoan 1988an egiten hasi zen Piccole Isole izeneko egitasmoa izan zen oinarri. Urte asko daramatzate ikertzen bertako uharte txikiek daukaten garrantzia udaberriko txorien migrazioan, hau da, Afrikatik iparralderantz kumatzeko asmoz egiten duten bidaian. Guk, ordea, erabaki genuen udagoieneko migrazioan egitea, hau da, kumatu ostean hegoalderantz negua toki epelagoetan igarotzeko asmoz egiten duten sasoian. Udagoieneko migrazioan, Frantzia edo Britainia Handitik itsasoa zeharkatuz datozenean, gehiago erabiliko dutela uste dugu, udaberrian baino. Kantauri Itsasoan ez da sekula egin honelako ikerketarik, Izarokoa aitzindaria da.
Zergatik Izaro Uhartean?
Arrazoi ugarigatik, baina batzuk aipatzekotan, honakoak: ni neu Urdaibain bizi naiz, eta Izaro ezagutzen dut beste egitasmo batzuetatik; hegaztientzat erakargarria da inguru hau; Urdaibai Bird Center daukagu berton; Izaron gertatzen dena hobeto ezagutzeko asmoa…
Hainbat egunez, talde bat geratzen da uhartean. Zenbat lagun? Zelan antolatzen zarete?
Bost asteko kanpaina izaten da, eta astebeteko bost talde antolatzen dira. Talde bakoitzean lau pertsona egoten dira normalean. Lau horietatik, gutxienez bat, eraztuntzailea izan beharko da, eta bera izango da arduraduna. Edonork parte hartu dezake, naturarekiko sentsibilizazioa izatea eskatzen da eta taldean lan egiteko gogoa edukitzea. Gaur egun etortzeko prest dauden pertsonen kopurua askoz handiagoa da eskaintzen ditugun aukerak baino. Euskal Herritik kanpokoak ere etorri izan dira. Alemaniatik ere etortzeko prest egon da norbait, nahiz eta koronabirusa dela eta, azkenean ezin izan duen etorri.
Zein motako hegaztietan jartzen dituzue begiak?
Gu datuen bila goaz. Izaron gelditzen diren txori migratzaileak zein egoeratan dauden eta zeintzuk diren jakitea da gure helburua. Baina badaude bertan Izaron kumatzen duten espezieak, zozoak eta buztangorri ilunak, adibidez, eta hauek ere eraztuntzen ditugu. Horrez gain, bertan kumatzen duten lertxuntxo itzainak zein kaio hankahoriak ere eraztuntzen ditugu, espezie hauek aspalditik ikertzen ari den Aitor Galarza Ibarrondori laguntza emanez.
“Eraztunak errepikatzen ez den zenbaki bat dauka eta baita Aranzadiren erremitea, norbaitek berreskuratzen badu noregana jo behar duen jakiteko”
Zein da hegaztiak eraztuntzeko prozedura?
Hamar sare jartzen ditugu, eta ez dira mugitzen kanpaina osoan. Sare horiek egunsentian zabaltzen dira, eta ilunabarrean zarratu. Zabalik dauden bitartean, orduro joaten gara sareetara, eta txoriren bat badago, telazko poltsa batean sartzen dugu kanpamendura eroateko. Bertan ikusten dugu zein espezie den, eta eraztundu egiten dugu espezieari dagokion eraztunagaz. Eraztunak errepikatzen ez den zenbaki bat dauka eta baita Aranzadiren erremitea, norbaitek berreskuratzen badu noregana jo behar duen jakiteko. Ahalegintzen gara baita ere zehazten txoriaren adina eta sexua, neurri batzuk hartzen dizkiogu, ikusten dugu koipez eta giharrez nola dagoen, pisatu egiten dugu eta hainbat arinen askatzen dugu, datu guztiak idatziz bildu ostean. Eguraldi txarragaz sareak itxi egiten dira txoriak ez kaltetzeko. Aurretiaz, atzerrian eraztundutako txori bat harrapatzen badugu, Aranzadiren bitartez jakinarazten diogu eraztundu zuenari non eta noiz harrapatu dugun, eta berak jakinarazten digu noiz eta non eraztundu zuen. Informazio trukaketa honek laguntzen digu migrazioan erabiltzen dituzten ibilbideak zehazten. Guk hartzen ditugun datuekin ikertzaileen lana dator, eta aztertu ondoren, emaitzak. Ondorioak zeintzuk diren argitaratzea da helburua.
Irailaren 4an amaitu zen aurtengo kanpaina. Nola joan da?
Aurten migrazioa atzeratu egin da; lehenengo egunetan oso txori gutxi harrapatu genituen, baina amaieran, aurreko urteetako antzerako zenbakietara heldu gara. Irailaren 2an, Izaron egun batean harrapatu den kopuru handienera heldu ginen: 185 txori. Aurretiaz eraztundutako hiru txori ere berreskuratu ditugu. Eta Italiatik heldutako ikerketa batean ere parte hartu dugu, Ekaitz-txoriekin.
“Britainia Handian eraztundutako txio hori bat berreskuratu genuen, eta Mouro uhartean (Kantabria) eraztundutako ekaitz-txori bat ere bai”
Zenbat eraztuntze egon dira aurten?
Aurten hogei espezie ezberdinetako 1.130 txori eraztundu ditugu. Horrez gain, kanpainaz kanpoko ikerketetan parte hartuz, beste 31 eraztundu ditugu.
Espezie bereziren bat atzeman duzue?
Gure inguruan arrarotzat jotzen den espezie bat harrapatu dugu bigarren urtez jarraian, sasi-txinbo horizta. Bere migrazioa Europa ekialdetik egiten du, baina iaz eta aurten bana harrapatu dugu. Britainia Handian eraztundutako txio hori bat berreskuratu genuen, eta Mouro uhartean (Kantabria) eraztundutako ekaitz-txori bat ere bai. Gainera, ilusio handia egin dit iaz eraztundu genuen buztangorri ilun bat berreskuratzeak. Txori hau iaz Izaron jaio zen, eta aurten bertan kumatu du.
Hegaztientzako gune aproposean bizi al gara?
Bai, jakina. Urdaibain dituzten ekosistema ezberdinak ez dituzte edonon aurkitzen. Artadiak, landa zabalak, padura, itsasertza… Ea luzaroan irauten duten!
Lau urte daramatzazue proiektuagaz. Ze balorazio?
Balorazioa guztiz positiboa da. Izarori buruzko ezagutza handiagoa dugu orain. Pozik egoteko moduan gaude, lau urte egin ditugu, istripu larririk gabe. Hau guztia ez litzateke posible izango Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Maier lantegia eta Campos kontserberaren diru laguntza barik.
Gogorra izaten al da hango lana?
Izaroko lana Izarotik kanpo hasten da, aurretiaz prestatu behar da. Bertan ez dago ezer, jatekoa, edatekoa, kanpalekua, eraztuntzeko materiala, eguzki panelak eta bateriak, arropak… dena eroan behar dugu. Bermeoko Gurutze Gorriak eroaten gaitu. Antzinako monastegiaren hiru hormen artean aurkitzen dugu babes apurra, eta bertan antolatzen gara. Talde lan handia egin behar da. Denok gara beharrezkoak, Izarora goazenak zein ingurukoak. Gainera, boluntario modura goaz, doan.