Lurpeko munduari buruzko hitzaldia, Ondarroan
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatutako hitzaldia Iñaki Intxaurbe Alberdi antropologo bilbotarrak eskainiko du. Saioa astelehenean [urriak 18] izango da, 18:30ean, Beikozinin.
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, Paleolitoko espeleologia: Lurpeko munduaren lehenengo esplorazioak hitzaldia egongo da astelehenean [urriak 18], 18:30ean, Ondarroako Beikozinin.
Hitzaldia Iñaki Intxaurbe Alberdi antropologo bilbotarrak eskainiko du; 2009tik ADES espeleologia taldeko kidea da. Aurreratu dutenez, lurpeko esplorazio zaharrena noiz egin zen eta kobazuloak noiz hasi ziren ikertzen argituko du Intxaurbek. «Gizakientzako ezegokiak diren ezaugarriez beteta dago lurpeko unibertsoa. Kobazuloek pertsona askorengan sorrarazi dute erakargarritasun berezi bat. Baina noiz hasi ziren esplorazioak egiten?». Dioenez, gizakien aurretik egon ziren beste hominido batzuek lurpean utzitako arrastoak aztertuz lurpeko lehen esplorazioak noiz hasi ziren argituko du.
«Paleolitoko labar artea duten kobazulo batzuetan aurkitutako eta iristeko oso zailak diren gune apaindu batzuk ere bisitatuko ditugu. Eta kobazuloek gizakien unibertso sinbolikoaren garapenean eduki zuten eraginaz ere eztabaidatuko dugu».
Bizkaiko aurkikuntzak. Euskal Herrian aurkitutako zenbait kobazulo apainduren adibideak erakutsiko ditu antropoloak. «Lehendabiziko espeleologoek egindako esplorazioek utzitako arrastoak aztertuko ditugu».
Hizlariari buruz. Esperientzia handiko antropologoa da Intxaurbe. Alde batetik, Diego Garate doktore eta labar artean aditua denagaz batera historiaurreko arkeologiari buruzko zenbait ikerketa proiektutan lankidetzak egindakoa da. Bestetik, ondoko haitzuloen aurkikuntzetan ere parte hartu du: San Pedro (Busturia), Ondaro (Nabarniz), Atxurra (Berriatua), Armintxe (Lekeitio) eta Baltzola (Dima).
Gaur egun doktorego tesia egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia sailean, Garateren zuzendaritzapean. Bere tesiaren helburua da Paleolitoko giza taldeek endokarstaren jabekuntza eta esplorazioa modu objektibo, zehatz eta kuantitatiboan aztertzea.