Markina-Xemeindik ibili zen Otto Skorzeny naziari buruzko dokumentala ikusgai Plazabarripeko aretoan
Pedro de Etxabe dokumentalaren zuzendariak parte hartuko du zapatuan [urriak 16] Ahaztuen Oroimena elkartearen eskutik egingo den ekitaldian. Jose Mari Agirre Salaberria Mauthausengo nazien kontzentrazio esparrutik bizirik ateratzea lortu zuen etxebarritarra ere lagun min izan zuen De Etxabek.
II. Mundu Gerrako pertsonaiarik enigmatikoetakoa izan zen Otto Skorzeny SSetako teniente koronelaren Espainiako bizitza eta jarduerak kontatzen dituen dokumentala emango dute zapatuan [urriak 16] 18:30ean, Markina-Xemeingo Plazabarripeko kultur aretoan: El hombre mas peligroso de Europa. Otto Skorzeny en España. Skorzeny (Viena, 1908-Madril, 1975) erregimen frankistaren itzalpean enpresari aberats bihurtutako iheslari nazia eta CIA edo Mossaden zerbitzura espioia izan zen besteak beste, eta jakina da, sasoi bateko markina-xemeindarrek hala egiaztatuta, Adolf Hitlerren ekintza gizon gogokoena Markina-Xemeinen egoten zela, Esperantza enpresan lanean, langile berezi modura. Antza denez, nazioarteko negozio harremanetan laguntzen zien.
Ahaztuen Oroimena elkartearen bidez antolatu den ekitaldian, dokumentala ikusteko aukera izateaz gainera, De Etxabe dokumentalaren zuzendariagaz solasaldian jarduteko aukera ere egongo da. Etxabe bertotik dabilela aprobetxatuta antolatu dute emanaldia. Izan ere, zuzendariak, mallorcarra izan arren, badu eskualdeagaz lotura, lagun mina izan zuen-eta Mallorcan bizi izan zen Jose Mari Agirre Salaberria (Etxebarria, 1919-Palma, 2009) Mauthausengo nazien kontzentrazio esparrutik bizirik ateratzea lortu zuen etxebarritarra. Mallorcan bizi arren, Salaberriak sorlekua eta Etxebarriko Egixarre baserria ez zituen sekula ahaztu.