Aratz Mugertza zazpigarren sailkatu da promozio txapelketaren finalean
Aizkolari mutrikuarrak 29 minutu eta 18 segundotan amaitu ditu lanak. Datorren denboraldian maila nagusian lehiatzeko aukerarik gabe geratu da.
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko bigarren mailako finala lehiatu zuten domekan [urriak 17] Asparrengo kiroldegian. Promozio mailako zortzi aizkolarik lehiatu zuten norgehiagoka, eta horietan zazpigarren amaitu zuen Aratz Mugertza mutrikuarrak. Horrenbestez, datorren denboraldian maila nagusian lehiatzeko aukerarik gabe geratu da eta maila berean jarraitu beharko du.
Lanei dagokienez, seina pago enbor moztu behar izan zituzten parte hartzaileek: bina kanaerdiko, 60 ontzako bina enbor eta bina oinbiko. Iñaki Azurmendik eta Eloy Corcherok amaitu zituzten lanak azkarren eta, hortaz, horiek lortu dute maila gorenera igotzea; bi aizkolari horiek, gainera, urriaren 30ean Zestoan jokatuko den Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalerako kanporaketa proba jokatzeko txartelak ere lortu dituzte. 23 minutu eta 21 segundotan burutu zituen lanak Azurmendik, Corcherori bi minutu pasatxoko aldea aterarata (25.04).
Mutrikuko aizkolariak, berriz, 29 minutu eta 18 segundotan amaitu zituen lanak. Aitortu duenez, hasieratik atzean geratu zen, eta gero ezin izan zien aurkarien erritmoari eutsi. “Lanak ondo eginez gero, aurrean ibiltzeko esperantza banuen; bigarren, hirugarren edo laugarren amaitzea espero nuen, baina egun eskasa eduki nuen. Nire lana ez nuen ondo egin, eta alde horretatik ez nago gustura. Sekula ez dut hainbeste denbora behar izan lanak amaitzeko; denetariko markak ditut, baina 29 minututan sekula ez dut lanik amaitu. Ez zen nire egunik onena izan, eta horrenbestez, bigarren mailan jarraitu beharko dut”.
SAILKAPENA:
- Iñaki Azurmendi 23.21
- Eloy Corchero 25.04
- Eneko Saralegi 25.14
- Julen Kañamares 25.32
- Julen Otaño 25.42
- Asier Pellejero 26.57
- Aratz Mugertza 29.18
- Ioritz Gisasola Zelai IVa 31.48
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren hurrengo hitzordua urriaren 30ean izango da Zestoan. Egun horretan final handirako sei txartel egongo dira jokoan. Gizonezkoetan hamahiru aizkolari ariko dira nor baino indartsuago, eta horien artean egongo da Ugaitz Mugertza mutrikuarra ere. Honakoen aurka egingo beharko ditu lanak: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Jon Irazu, Julen Alberdi Txikia IV.a, Aitzol Atutxa, Jon Rekondo, Jexus Mujika, Julen Larrea Larrea III.a, Arkaitz Jauregi, Iñaki Azurmendi eta Eloy Corchero.