Mutriku Sokatira Taldeko kideak, nagusi Gipuzkoako orga eta txinga eroate txapelketan
Unai Goitia aulestiarrak orga jokoan lortu du txapela eta Ane Urresti ondarrutarrak, berriz, txinga eroaten. Javier Urresti ondarrutarrari gutxigatik ihes egin dio txinga eroate txapelketak.
Mutriku Sokatira Taldeko kideek emaitza oso onak lortu dituzte asteburuan Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatu diren Gipuzkoako orga eta txinga eroate txapelketetan. Erakustaldi ederra emanda bi txapel eskuratu dituzte, eta hirugarren bat lortzeko zorian ere egon dira. Unai Goitia aulestiarra Gipuzkoako txapeldun geratu da orga jokoan eta Ane Urresti ondarrutarra, berriz, txinga eroaten. “Taldearentzako emaitza politak lortuta pozik bueltatu gara etxera”.
Orga jokoari dagokionez, eta bost plaza eta 1,26 metroko marka eginda, Goitiak nagusitasun osoagaz irabazi zuen txapelketa. “Unaik txapela irabazteko gogo ikaragarria zeukan. Txapelaren atzetik zebilen aspalditik, eta gogor saiatuta azkenean lortu du bere helburua”, azaldu du Javier Urresti taldekideak.
Bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko orduan lehia estua egon zen. Hiru plaza eta erdi eginda bigarren sailkatu zen Aimar Galarraga eta Javier Urresti herri kirolari ondarrutarrak, berriz, hirugarren postuan amaitu zuen, hiru plaza, laurden bat eta 3,70 metroko marka eginda. “Egia esan, orga jokorako baino txinga eroaterako hobeto prestatuta joan nintzen. Entrenamendu falta ederto igarri zen, eta horrek ez zuen barkatu azken emaitzan”.
Emakumezkoen txinga eroate txapelketan Urresti izan zen onena. 25 kiloko txingekin 15 plaza eta 12,5 metroko marka lortuta alde handiagaz jantzi zuen txapela. Lierni Osa izan zen bigarren sailkatua 10 plaza, 4 zinta eta 2,80 metroko marka eginda eta podiuma Nerea Arrutik osatu zuen, 10 plazako marka eginda. “Gustura ibili zen Ane; konfiantza handiagaz eta bere martxan marka polita egin zuen”.
Gizonezkoen txinga eroate txapelketan gori-gorian egon zen txapela eskuratu ahal izateko borroka. Jon Unanue Goenatxo III.ak 0,90 metroko aldeagatik irabazi zuen txapela, 50 kiloko txingekin 12 plaza, zinta bat eta 0,90 metroko marka lortuta. Javier Urrestik, berriz, bigarren postua eskuratu zuen 12 plazako marka eginda. Aimar Galarraga hirugarren sailkatu zen, 4 plaza eginda. “Txapela eskuan eduki nuen. Zozketan lehen txandan aritzea egokitu zitzaidan, eta nire marka pertsonalik onena gainditu ostean neure buruagaz gehiegi fidatu eta erlaxatu egin nintzen. 12 plazako marka nahikoa zela iruditu zitzaidan, baina atzetik etorri zenak nik baino 0,90 metro gehiago eginda eskuratu zuen txapela”.