Artibai Judo Taldekoek maila ona erakutsi dute Espainiako Kopan
Laia Rios eta Manex Basurko mutrikuarrek lortu dituzte emaitzarik azpimarragarrienak. Txiki mailako 57 kilo eta 66 kilo azpiko kategorietan parte hartu dute, hurrenez hurren.

Asteburuan Suancesen (Kantabria, Espainia) jokatu den Espainiako Kopan parte hartu dute Ondarroako Artibai Judo Taldeko zazpi kirolarik. Luis Ferreño taldeko arduradunak jakitera eman duenez, zapatuan [urriak 16] jokatu zen txiki mailako txapelketan lortu dituzte emaitzarik onenak. Maila horretan parte hartu zuten 14 urteko lau judokek bi bosgarren postu eta zazpigarren postu bat lortu dituzte. “Txiki mailan geu izan ginen euskal ordezkari bakarrak”.
Laia Rios eta Manex Basurko mutrikuarrek lortu dituzte emaitzarik azpimarragarrienak; Rios 57 kilo azpikoetan aritu zen eta Basurko, berriz, 66 kilo azpikoetan. Biek ala biek bosgarren postu bana erdietsi dute euren pisuetan. “Oso txapelketa ona egin zuten, eta egin duten lanagaz oso harro gaude. Brontzezko dominak lortzeko zorian ere egon ziren. Hiru borrokaldi irabazi zituzten eta laugarren borrokaldian kanporatu zituzten. Brontzeko domina lortzeko bigarren aukeran ere kanporatuak izan ziren”.
Kadete mailako hiru ordezkariak lehen borrokaldian kaleratu zituzten
Naia Peña mutrikuarrak, ostera, zazpigarren postua lortu du 52 kiloz azpiko kategorian. 55 kiloz azpiko kategorian Oier Lago ondarrutarrak ere txapelketa oso ona egin duela gaineratu du Ferreñok. “Oierrek ez zuen behar besteko emaitza onik eskuratu. Egia esan, bere kategorian oso maila altua egon zen; lehen borrokaldian kanporatu zuten eta bigarren aukeran ere kanporatua izan zen”.
Aritz eta Eñaut Bernedo anaiek eta Danel Irusta judokek, ostera, kadete mailako txapelketan parte hartu zuten domekan [urriak 17]. Bernedo anaiek 55 kiloz azpiko kategorian parte hartu zuten eta Berriatuko judokak, berriz, 66 kiloz azpikoan. Hirurak lehen borrokaldian kaleratu zituzten, eta galdu ostean sailkapenetik kanpo geratu ziren. Hirurek 16 urte dituzte eta lehen urteko kadeteak dira, eta esperientzia falta hori emaitzetan “igarri” egin zela adierazi du taldeko arduradunak. “Maila handiko aurkarien aurka borrokatu behar izan zuten, baina jardunaldia esperientzia hartzeko ondo etorri zitzaigun”.