Oihana Kortazarrek Ultra Sanabria lasterketa irabazi du, bigarren urtez jarraian
Mutrikun bizi den elgetarrak iaz bigarren eta hirugarren etapetan egindako markak hobetu ditu.

11 ordu, 51 minutu eta 22 segundoko markagaz irabazi du Oihana Kortazar elgetarrak Ultra Sanabria lasterketa asteburuan, Zamoran. 110 km egin ditu hiru etapetan.
Mutrikuko bizilaguna “pozik” dago bigarren urtez jarraian nagusitu delako, eta espero zuena baino hobeto ibili dela esan du: “Pozik nago eta ez bakarrik irabazteagatik, baizik eta baita ere lehenengo bi etapetan denborak jaisteagatik. Iaz sasoi honetan aurten baino freskoago nengoen, eta aurten denbora hobeak egin ditudanez, pozik nago”. Hain zuzen, lehen etapan iazko denbora zazpi minututan hobetu zuen, eta bigarren etapa iaz baino minutu bat arinago amaitu zuen.
Etapen artean bigarrena izan zen “zailena”; etapa hasiera oso azkarra izan zen: “Hasieran esfortzu gehiago egin behar nuen besteengandik urruntzeko”
Etapetako trailetan esperientzia dauka Mutrikuko bizilagunak, eta irabazteko helburuagaz hartu zuen urriaren 15etik 17ra lehiatu duen lasterketa: “Banekien irabazteko saiakera bai ala bai egingo nuela. Kasu honetan, aurtengo lehiakideak ez nituen ezagutzen. Salomon Portugaleko neskak zeudela banekien, kalitatezko kirolariak izango zirela, baina euren kontra sekula lehiatu ez nintzenez ez nekien zertan izan ahal ziren ni baino hobeak edo txarragoak”.
Etapetako trail honetan igoerako eta jaitsierako erlojupeko denborak hartzen dituzte kontuan. Aldapan gora moldatzen da hobeto elgetarra, gusturago aritzen da. 1. etapa hasi eta nahikoa segituan aldapa gora hasi ziren: “Aldapa gora oso ondo ibiltzen naiz, gainera harri zati handietako zatia izan zen, eta hor denbora asko atera nion bigarrenari”. Hamabost minutuko aldea atera zion amaieran.
Etapa zailena. Etapen artean bigarrena izan zen “zailena”; etapa hasiera oso azkarra izan zen: “Hasieran esfortzu gehiago egin behar nuen besteengandik urruntzeko. Gero, 25. km-tik aurrera erritmoa apur bat jastea erabaki nuen, bestela amaitzea kostatuko zitzaidalako eta biharamunean beste etapa bat geneukalako”.
Hirugarrena eta azkena eguraldiak baldintzatu zien. Izan ere, euria egin zuenez, ibilbidea “oso arriskutsu” bihurtu zitzaien: “Fisikoki ondo sentitu nintzen, baina jaisteko ez zegoen bat ere ondo. Harri artean denok ere askoz ere kontu handiagoagaz ibili ginen. Bestalde, hirugarrena izanda jaitsieretan ere arriskatzeko aukera eduki nuen. Halako trailetan amaierako sailkapenez gain, igoeren eta jaitsieren erlojupekoen sailkapenak daude. Hirugarren etapa horretan igoerak eta jaitsierak ere irabazi nituen”.
Hurrengo erronka Europako Txapelketa izango da. Azaroan Portugalen lehiatuta denboraldia amaitzeko asmoa dauka.