Urriaren 31 da Arbide Eskalada Taldeko bazkide egiteko azken eguna
Orain arte 80 bazkide inguru batu dira egitasmora, eta erantzunagaz pozik daude. Bazkide egiteko bi era daude: indibiduala eta familiarra.
Apirilean abiarazitako bazkidetza kanpainari amaiera ematear dago Ondarroako Arbide Eskalada Taldea. Egitasmoagaz bat egin nahi duten norbanakoek eta familiek arbideskalada@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 688 80 05 06 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat bidali behar dute; urriaren 31 da horretarako azken eguna. “Deialdia proiektuaren parte izan nahi duten herritarrei egiten diegu”. Epe horren barruan bazkide egiten diren guztiak kirol taldeko bazkide sortzaileak izango direla azpimarratu dute.
Bazkide egiteko bi era daude: indibiduala eta familiarra. “Gugaz kontaktuan jartzen direnei proiektuari buruzko informazio guztia emango diegu. Zer erabiltzaile eta bazkide mota dauden, zelan doan ekarpen ekonomikoaren gaia, zelan antolatzen garen… Dagokion informazio guztia emango diegu”.
Bazkidetza kanpaina ondo joan dela esan dute. Orain arte 80 bazkide inguru batu dira egitasmora, eta erantzunagaz pozik daude. “Orain arte batu diren bazkide guztiak ezer egon barik batu dira proiektura. Ez zegoen ziurtasunik rokodromoa posible izango zen ala ez, eta hala ere egin nahi genuenaz benetan sinesten zutelako bat egin dute proiektuagaz. Ahalegin hori guztia gugaz batera egin dute”.
Eskaladan trebatzeko rokodromo berriko obrak ekainean hasi zituzten eta lanak “nahikoa aurreratuta” doazela esan dute
Proiektua irekia dela eta egitasmora batu nahi duten guztientzat ateak zabalik dituztela gogorarazi dute. “Izaera ireki eta publikoa duen proiektu bat sortu nahi izan dugu, eta hori herritartzea da gure nahia. Proiektua autogestionatua izango da eta bazkideak izango dira protagonista nagusiak. Bazkidetza kanpainagaz bilatzen duguna da proiektua kolektiboki finantzatzea, eta denona modura sentitzea, herritarrona”.
Bien bitartean, San Ignazio kalean rokodromo berria eraikitzeko lanetan buru-belarri jarraitzen dute. Herriko jendea eskaladan trebatzeko kirolgune berriko obrak ekainean hasi zituzten auzolanean, eta lanak “nahikoa aurreratuta” doazela esan dute. “Obra pentsa baino arinago doa. Aroztegiko lanak egiteko falta egiten den material guztia erosita daukagu. Egitura guztia ipinita dago eta, hortaz, lanaren zatirik zailena eginda daukagu. Guztia oholekin josi, presekin jantzi eta koltxonetak ipintzea falta zaigu. Egur beharrak Gabon bueltarako amaituta edukitzea aurreikusten dugu”.
“Lokaleko atea zabalik ikusten duten guztiak ardura barik sartzera gonbidatzen ditugu”
Arotzeriako lanekin amaitu ostean, bestelako lanekin jarraitu beharko dute. “Komuna egin, erakusleihoa ipini, atea ipini… Hori guztia aurrerago egingo dugu. Oraingoz ez daukagu behar dugun diru guztia batuta; dirua eta materiala eduki ahala joango gara lanak egiten. Lokala 2022ko Aste Santuan irekitzeko asmoa daukagu, baina obrak noiz amaitzen diren aurreikustea zaila izaten da. Orain arte egin dugun guztia bazkidetzatik lortu dugun finantzazioari esker egin ahal izan dugu. Gure helburua, hasieratik, autofinantzatutako proiektu bat garatzea izan da; kolektiboki ipini dugu dirua eta kolektiboki ari gara lanean ere”.
Lokaleko ateak edozeinentzako zabalik daudela diote. “Atea zabalik ikusten duten guztiak ardura barik sartzera gonbidatzen ditugu. Jendeak materialagaz atzera eta aurrera ikusten gaitu, baina askok oraindik ez dakite hemen zer egiten ari garen. Herritarrek egiten ari garena ezagutzea nahi dugu; egiten ari garena ikusteko barrura sartzera gonbidatzen ditugu. Izan ere, proiektu hau ez dugu guretzako sortu bakarrik, herriarentzako baizik”.