Abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina, herritik herria egiteko aldarriaz
Azaroaren 11 da eskaerak egiteko azken eguna. Saskiak iazko udazkeneko berak dira: beltza (betikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia); 55 euro, 65 eta 75 balio dituzte, hurrenez hurren.
Zortzigarren urtez jarraian, Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka udazkeneko kanpaina abiarazi du, eta eskaerak azaroaren 11ra arte egin ahal dira. Saskiak, oro har, iazko udazkeneko berak dira: beltza (betikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia). Beste behin ere, saskien prezioaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dela azpimarratu dute. Aurten, gainera, saski bakoitzagaz Errigoraren egutegi bat jasoko dute eskatzaileek.
Kanpaina aurkezteaz batera, herrigintzaren garrantzia azpimarratu dute Errigorako kideek: «Errigoraren ibilbide laburra herrigintza ariketa ederra izan da; herriak herriari egindako ekarpen xume bezain inspiratzailea».
2013an bidea egiten hasi zirenetik, herrilana euren lanabesa izan dela esan dute. «Txikitik handira apustu egin dugu, inori konturik eskatu gabe, nork bere ahal eta gogoaren arabera egindako askotariko ekarpenak batzeko gai izan gara eta, herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatu ditugu».
Eskaerak egiteko bideak. Errigorakoek nabarmendu dute eskaerak egiteko «biderik eraginkorrena eta sinpleena» Errigoraren webgunearen bidez egitea dela. «Hala ere, badakigu hainbatek zailtasunak izan ditzaketela Internet bidez eskaerak egiteko edo beste barik nahiago dutela ohiko bideak erabiltzea. Beraz, kasu horietan, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin daiteke, herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez».
Eskaerak non egin:
- Aulesti. Ilunzar tabernan (Internetez ere bai).
- Berriatua. Udaletxean (Internetez ere bai)
- Lekeitio. Azkue ikastolan, Galarrena tabernan eta AEKn. Azken horretan ez ezik, besteetan, Internetez ere bai
- Markina-Xemein. AEKn (Internetez ere bai)
- Mutriku. Kalaputxikoei esanda (Internetez ere bai)
- Ondarroa. AEKn eta Zubi Zahar herri ikastolan. Bietan Internetez ere bai
- Ziortza-Bolibar. Iratxe Lariz: 627 85 88 84. Internetez ere bai