Elkano Hankaz Gora! ekimena abiarazi dute Lekeition, "zapalduen historia azaleratzeko"
Momentuz hiru hitzaldi antolatu dituzte mundubirak suposatu zuena argitzeko eta "zapalduen memoria berreskuratzeko". Lehenengo hitzaldia eguenean [urriak 28] izango da, 18:30ean, kultur etxean.
Datorren urtean Elkano-Magallanesen mundubiraren 500. urteurrena beteko dela eta, mundubira hori goraipatzeko hainbat ekintza egiten ari dira askotariko erakundeak. Baina Lekeitioko herritar batzuk ez dute diskurtso ofizialagaz bat egiten, eta espedizio hori zer izan zen azaleratzeko helburuagaz Elkano Hankaz Gora! ekimena jarri dute abian; 40 eragilek babestutako Elkanori bira manifestuagaz ere bat egin dute.
Momentuz hiru hitzaldi antolatu dituzte, eta lehenengoa eguenean [urriak 28] izango da, 18:30ean, kultur etxean. Lehenengo hitzaldi hori Axier Lopez Argia-ko kazetariak eskainiko du, eta Ez naiz kolonialista baina… izenburua dauka.
Esan dute ez daudela garai historiko batzuk gogoratzearen kontra, baina gaineratu dute eurei dagokiela “zapalduen memoria berreskuratzea eta kontatzea. Hau da, kontakizun ofiziala kolokan jartzea”
Ekimenaren bultzatzaileek diote historia menperatzaileen interesen arabera idatzi eta kontatzen dela; boterean dagoenak idazten du historia. “Horren adibide argia dugu Elkano-Magallanesen mundubiraren (1519-1522) kontakizun ofiziala. Urteurrenaren harira, Espainiako Gobernu eta Espainiako armadaren ‘balentria paregabea’ eta Elkanoren irudia omendu eta goraipatzeko kanpaina jarri zuten abian 2018an. Gurean ere Elkano 500 fundazioa sortu dute, eta, besteak beste, Lekeitioko Udalak Lekeitioko Ituna izeneko akordioa sortu du urteurrenaren harira antolatutako ekimenak bultzatzeko eta Espainiako Inperioaren espedizio hartako euskaldunen parte hartzea nabarmentzeko”. Esan dute ez daudela garai historiko batzuk gogoratzearen kontra, baina gaineratu dute eurei dagokiela “zapalduen memoria berreskuratzea eta kontatzea. Hau da, kontakizun ofiziala kolokan jartzea”.
Mundubira nola egin zen eta horrek suposatu zuena kontatzeaz gain, “kolonizazio eta konkistarako espedizioa” izan zela ere kontatu beharko luketela diote. “Kontatuko digute Elkano heroi bat izan zela, abenturazale ausart bat, euskal enbaxadorea… Baina kontatuko ote digute espedizio hartan leku ‘berri’ gehienetan lapurreta, hilketa, bortxaketa… egiteaz gain Filipinetako herrialdeak kolonizatzeko lehen harria jarri zutela eta horren ondorioak?”. Gaineratu dute 500 urte atzerago gertatutakoa oraina ere badela. “Orduko kolonizazio, genozidio eta arpilatzea gaur egungo kapitalismoaren ezinbesteko bultzatzaile izan zen”
Bigarren hitzaldia azaroaren 24an izango da, eta horretan IƱaki Gil de San Vicente izango da hizlaria. Hirugarren eta azken hitzaldia abenduaren 16an egingo da, Idoia Arrietaren eskutik.