Hondamendi naturalen aurrean Alleriko padura Ondarroaren "aliaturik onena" dela dio Eguzkik
Mende amaierarako itsas maila 29-49 zentimetro artean igo daitekeela eta, Alleriko padurak "hondamendi naturala" saihesteko aukera ematen duela mahaigaineratu du talde ekologistak.
Euskal kostaldearen zatirik handiena itsaslabarra dela eta itsas mailaren igoeraren aurrean eremu hori guztia defentsa lerroa dela diote. Biztanle gehienak, baina, Ondarroa bezalako estuarioetan bizi direla ohartarazi du Eguzkik. “Herritar gehienak topografikoki baxuak diren eremuetan bizi dira. Hau da, uholde arrisku handieneko eremuetan”. Horren aurrean, Alleriko hezegunea Ondarroarentzako “aliaturik” onena dela diote. “Padurak prezipitazio handiak mantentzen ditu, ibaian behera uholdeak saihesten ditu, ura lurrean edo gainazalean biltegiratzen edo atxikitzen du eta landareriak uraren abiadura murriztu dezake”.
Aurreikuspenen arabera, mende amaierarako itsas maila 29-49 zentimetro artean igo daiteke. “Kasurik txarrenean metro erdi igo daiteke. Ondarroako Arrigorri hondartzak, esaterako, egun daukan zabaleraren %40 galduko luke”, diote Eguzkikoek. Horren aurrean, estuarioetan itsas mailaren igoera hori geldiaraziko lukeen birsorkuntza natural bat ezarri daitekeela diote. “Padurak eta dunak aprobetxatu eta horiek euste horma bat bezala funtzionatu dezakete”. Arriskuari modu naturalean aurre egiteko neurria da Eguzkik mahaigaineratzen duena. “Paduren onuretaz baliatzeko, baina, degradatutako itsas paduretako ekosistema birsortu eta berrindartzen ahalegindu beharko ginateke”.
Padurak, gainera, basoetako bizitzaren erreserban parte hartzen dutela eta hango biodibertsitatearekin lotura zuzena dutela diote. “Horrek aisialdi eta turismo zentzudun baten aukera eskaintzen digu. Horrela, kultura, ohitura eta paisaia ikuspuntutik ere balio handia duen altxor bat zainduko genuke”.
Funtsean, Eguzkik dio itsas padurak “hondamendi naturalei aurre egiteko baliabide” bezala ulertu behar direla, eta ezĀ “lokatz eta belar zahar multzo bat legez”.
Gaineratu dute mende honetan Euskal Herriko duna eta hondartzen %75 desagertu direla. “Gure itsas padurak politikari garapenzale, espekulazio basatiaren, kutsadura eta ezjakintasunaren biktima dira”.
Ingurumena ongi kudeatuz gero, herritarren ongizatea lortu ahal dela diote. “Ingurugiroaren babesa ez da bakarrik planteamendu erromantikoetan eta aditu eta espezialisten galdekizunetan oinarritu behar”.
Alleri berreskuratzeko plana. Planteamendu horren aurrean, Eguzkik Eusko Jaurlaritzaren Hezegune Katalogoan sailkatuta dagoen Ondarroako Alleri padura berreskuratzeko esfortzua aldarrikatu du. “Hezeguneak kinka larri honetatik ateratzeko behar beharrezkoa da babesteko eta berreskuratzeko lanak martxan jartzea”.
Allerik daukan hedadura txikia dela eta ekosistema benetan osasuntsu bat mantentzeko ez dela nahikoa gaineratu dute. “Lehendabiziko lana berreskurapen plana martxan jartzeko lur eremu handiago bat lortzea da”
Berreskurapenak eremu bat lehengoratzea dela diote, “garai bateko baldintzetara ahalik eta hobekien bueltatzea”. Eta hori egiteaz batera, sorrera eta goreste lanak ere egitea proposatzen dute. “Sorrerak esan nahi du hezegune ez den gune bat hezegune bilakatzea. Goresteak, aldiz, hezegunearenak diren funtzioak eta murriztu edo galdu direnak berriro ere martxan jartzen laguntzea esan nahi du”.
“Gaur egun padurak daukan 2,4 hektareako azalerea 7,8 hektareara handitu nahi da”
Gaur egun Allerik daukan hedadura txikia dela eta ekosistema benetan osasuntsu bat mantentzeko ez dela nahikoa gaineratu dute. “Lehendabiziko lana berreskurapen plana martxan jartzeko lur eremu handiagoa lortzea da”. Hain zuzen, Eguzkik Artibai ibaiaren ur hertz biak berreskuratzea proposatzen du. “Gaur egun padurak daukan 2,4 hektareako azalerea 7,8 hektareara handitu nahi da”. Eta, besteak beste, ibaiaren ertzean ortuak sortu dituztenek lur horiek paduraren berreskurapenerako utzi beharko lituzketela diote.
Gero, padurako landareria animalia belarjaleengandik babesteko hesi bat jarri beharko litzatekeela diote. “Saihesbideak sortuko duen zarata murrizteko Tamarix Gallica espezieko landareak landatu beharko lirateke”. Horrez gain, landare eta animalia esanguratsuenek ekosisteman duten garrantzia azaltzeko informazio panelak ezartzea proposatzen dute. “Ibilbidearen amaieran egurrezko etxola bat ipintzea proposatzen dugu, berreskuratutako hegaztien begiraleku gisa”.
Padura berreskuratuz gero, haur eta gazteen hezkuntzarako ekintzak garatu daitezkeela diote. “Adibidez, zuhaitzak landatu ahal dira, Zuhaitz Eguna bezalako ekintzak eginez”.
Plana zehaztuta daukate talde ekologistako kideek, eta argi diote bi urtetan ez dela padura berreskuratuko. “Baina berreskurapen prozesua martxan jartzea lortuko da, eta urtez urte padura egonkor eta hobe bat edukiko dugu”. Gaineratu dute bere garaian padura berreskuratzeko plana kanalen arazoagatik geldiarazi zela. “Lur jabeek eta udalak eztabaida gogorra eduki zuten”. Baina hori konpondu bitartean, ekintza asko egin daitezkeela diote:
- 1.000 zuhaixka landatu (tamarix-gallica espeziea), saihesbide bazterrean eta ibai ertzean bisoiak babesteko.
- Panelak ipini saihesbideko zirkulazioak sortutako zarata gutxitzeko.
- Landare inbaditzaileak kendu.
- Martin arrantzalearentzako kabiak jarri.
- Txori migratzailentzako egur tokiak jarri.
- Informazio panelak ipini.
- Elektrizitate dorreak kendu.
- Txangoak egin, adituek bideratuta.
- Kanalak eraiki edo udalari lurrak erostea proposatu.