Oharrak zabaldu dituzte esanez 'El juego del calamar' telesaila ez dela adin txikikoek ikustekoa
Telesaila nerabe eta umeen artean edukitzen ari den arrakastaren aurrean, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak bailaran bizi diren gurasoei telesailaren "eduki bortitzaz" ohartarazi die.
Netflix plataformaren El juego del calamar telesaila marka guztiak hausten ari da nagusi, nerabe eta umeen artean. Telesaila, baina, 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta. Arrakasta arazo izatera pasatu dela gogorarazi dute. Izan ere, 16 urtetik beherakoen artean telesailean ikusten dutena imitatzeko joera atzeman dute. “Portaera bortitzak atzeman dira”. Horren aurrean, hainbat erakundek gogorarazi dute telesail hori ez dagoela ume eta nerabeei zuzenduta. Eta oharrak zabaldu dituztenen artean dago Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa.
Sinopsia. Telesailak 39 milioi dolarreko saria irabazteko hainbat jolas gainditu behar dituzten parte hartzaile batzuen gorabeherak kontatzen ditu. Froga gainditzen ez dutenak ez dira bakarrik jokoz kanpo geratzen, hil egiten dituzte.
Telesailak “eduki bortitza” duela esan dute. “Hilketak, torturak, emakumeen aurkako sexu indarkeria… Gure seme-alabek mota horretako edukiak kontsumitzen dituztenean indarkeria normalizatzen dute. Ondorioz, etorkizunean ez dute identifikatuko beraiek edo besteren bat egoera bortitza jasaten dauden”. Telesailean parte hartzaileak lagunak hiltzen ikusteaz pozten direla mahairatu dute. “Telesaila diruarekiko gutizia kritikatzen saiatzen da, nahiz eta gure seme-alabek ez dakiten mezu kritiko hori nola dekodifikatu”.
Esan dute haurrek ikus-entzunezko edukietan indarkeria identifikatzeko aukera ematen duen hezkuntza behar dutela
Gogorarazi dute haurrek imitazioz ikasten dutela. “Haurrek inguruan ikusten dituzten jokabideak ikusi eta imitatzen dituzte. Ez dakite nola jokatu, ezta gizartean ere. Beraz, erreferentziatzat hartzen dituzte gurasoak, lagunak, irakasleak, baina baita ere pantailetan ikusten dutena ere. Gure ardura da erreferente osasuntsuak edukitzea”. Gaineratu dute haurrek ez dutela garatuta errealitatea eta fikzioa bereizteko pentsamendu kritikoa.
Esan dute haurrek ikus-entzunezko edukietan indarkeria identifikatzeko aukera ematen duen hezkuntza behar dutela. “Haurrak natibo digital bilakatzen ari dira. Ezin dugu saihestu pantailen eta ikus-entzunezko edukien eraginpean egotea, baina haien begirada hezi dezakegu, telesail eta filmetan ikusten dutena ez dela benetakoa atzeman dezaten”. Horren guztiaren aurrean, kontsumitzen dutena kontrolatzeko eta ikusten dutenari buruz hitz egitea proposatu dute.