Ager Solabarrieta tiratzaile ondarrutarrak II. FEDC Kopa irabazi du
Euskarri gabeko 60 tiro zutikako eta euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorietan nagusitu da. Txapelketa irabazita, Espainiako Txapelketaren finala jokatzeko txartela eskuratu du.
Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak sasoiko dagoela erakutsi du asteburuan Olias del Rey herrian (Gaztela-Mantxa, Espainia) jokatu den II. FEDC Kopan. Kirol egokituan aritzen den ondarrutarra nagusi izan da parte hartu duen bi kategorietan; hau da, euskarri gabeko 60 tiro zutikako eta euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorietan.
Zapatu [urriak 23] arratsaldean jokatu zen euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian 610,2 puntu eskuratu zituen. Kategoria horretako txapela eskuratu badu ere, I. FEDC Kopan baino emaitza apalagoa lortu duela esan du. “Nire munduko errekorraren bueltan ibili banintzen ere, ez da orain arteko emaitzarik onena izan. Entrenamenduetan hobetu ibili izan naiz, baina ez nuen posizioa ondo-ondo hartu. Proba amaitu ostean jabetu nintzen egin nuen pekatuaz”. Posiziorik egokienean tiro egin ez bazuen ere, nagusitasun osoagaz irabazi zuen. Miguel Rodriguez bigarren sailkatuak baino 9,3 puntu gehiago lortu zituen eta Sonio Rivero hirugarren sailkatuak baino 15,5 puntu gehiago.
Domeka [urriak 24] goizean, berriz, euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian 548,3 puntu lortu zituen; Sonia Rivero bigarren sailkatuak baino 1,5 puntu gehiago eta Miguel Rodriguez hirugarren sailkatuak baino 4,1 puntu gehiago. “Entrenatzailea aldatu dut udan. Hark tiro egiteko posizio guztia aldatu dit, eta oraindik ere posizio berri horretara ohitzen ari naiz. Emaitzak ez dira lehen besteko onak izan, baina posizio berrira ohitu ahala hobetzen joatea espero dut”.
Emaitzak aurreko kopakoak baino apalagoak izan badira ere txapelketa “ondo” joan dela azpimarratu du. Txapelketa irabazita, gainera, abenduaren 18an jokatuko den Espainiako Txapelketaren finala jokatzeko txartela eskuratu du. “Nazioarteko txapelketarik jokatuko ez dudanez, Espainiako Txapelketa bereganatzea da nire aurtengo helburua. Lehengo mailara bueltatu nahi dut; ia bi hilabete dauzkat buru-belarri entrenatzen hasi eta teknika eta posizioa hobetzeko”.