Asteburu mikologikoaz gozatu dute Gizaburuagan
Inguruko mendietan batuko perretxikoak bereizten ikasteko aukera eduki dute herritarrek. Esperientzia errepikatzeko asmoa dutela esan dute Olazar Kultur Elkarteko kideek.
Udazkena perretxikoak batu eta jateko garai aproposa dela baliatuta, asteburuan mikologia jardunaldia egin dute Gizaburuagan. Olazar Kultur Elkarteko kideek azpimarratu duenez, pandemiak eragindako geldialdiaren ostean egin duten lehen jarduera izan da asteburukoa. Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira aurtengo mikologia jardunaldiak emandakoaz, eta hurrengo urtera begira ere esperientzia errepikatzeko asmoa dutela esan dute.
Perretxiko bilketagaz hasi zuten egitaraua, eta horretarako inguruko mendietara irteera bat egin zuten zapatu [urriak 23] goizean. Arratsaldean, berriz, mendian batutako perretxiko guztiak banan-banan behatu eta sailkatu zituen Jose Maria Ibarbia mikologian adituak. “Modu horretara, herritarrek goizean batutako perretxikoak zelakoak diren jakiteko eta horien arteko ezberdintasunak bereizteko aukera eduki zuten”. Antolatzaileek esan dutenez, era guztietako perretxikoak batu zituzten herritarrek: jangarri onak, jangarriak direnak baina interes gutxi dutenak eta kaltegarriak edo toxikoak.
Domeka [urriak 24] goizean, berriz, bezperan batutako eta sailkatutako perretxiko guztiekin erakusketa bat egin zuten Gizaburuagako udal aretoan; perretxikoak ikusi eta hobeto ezagutzeko aukera eduki zuten bertaratuek. Gaineratu dutenez, Jose Maria Ibarbiak ere gaiarekin lotutako hitzaldia eman zuen. “Ibarbiak informazio zientifikoa emateaz gain, herritarren galderak erantzun ditu”. Perretxikoei buruzko hitzorduak arrakasta eduki duela esan dute. “30 bat lagun batu ziren hitzaldian”.