Gipuzkoako zahar etxeetako langileek beste bi greba egun deitu dituzte
Urriaren 28an eta azaroaren 12an egingo dituzte lanuzteak, ELA eta LAB sindikatuek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak deituta. Protestak "ratio duinagoak" exijitzeko deitu dituzte.
Gipuzkoako zahar etxeetako “egoera larria” ezagutaratzi eta lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko grebarako deialdia egin dute ELA eta LAB sindikatuek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak. Azken hilabeteetan egindako mobilizazioen ildoan beste bi greba egun iragarri dituzte urriaren 28rako eta azaroaren 12rako. “Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera lotsagarria da. Urteak daramatzagu sektoreko errealitatea zein den salatzen, baina, erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka hau langile, egoiliar eta hauen senideena dela bakarrik. Baina guk zerbait argi badugu honakoa da: egoera honek jendarte guztiari eragiten diola”.
Protestak, hain zuzen, “ratio duinagoak” exijitzeko deitu dituzte. “Gatazka honi behingoagatik irtenbide bat emateko ezinbestekoa da herrialdeko hitzarmenaz eta langileen kopurua zehazten duten ratioen katalogoaz hitz egitea. Lehentasun horietaz aparte, porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra dagoela argi dugu. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekarietatea areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan”.
Orain arte langileen eskaerei entzungor egin dietela salatu du ELAk: “Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egiten dio negoziazioari, eta erresidentzietako errealitatea onartu ordez, egungo eredua defendatzen jarraitzen du medioetan. Hala nola, errealak ez dien ratioak daudela defendatzen du, bi egoiliarreko langile bat dagoela esanez, eta datu erreala da 13 egoiliar daudela langileko“.
LABek gogorarazi duenez, negoziazio kolektiboa “berraktibatu” eta “gatazka” desblokeatzeko momentua da. Gaineratu dute langileen egoera «kezkagarria» dela. . “Pandemiaren eraginez bizi dugun krisiak modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak. Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzeko inongo asmorik erakutsi”.