Ariman Gaba ospatuko dute Ondarroan, hirugarrenez
Ohikoa denez, ospakizuna ilunetan egingo dute. Kamiñazpitik Zaldupe zubirainoko tartean dauden kaleko argi guztiak amatatuko dituzte, domekan [urriak 31], 19:00etatik 21:00etara.
Garai bateko sustraietara buelta egiteko proposamena luzatu dute Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak eta Zaldupe Eskolak. Sasoi bateko euskal ohitura paganoari jarraipena emateko Ariman Gaba antolatu dute hirugarrenez. Jaia domekan [urriak 31] ospatuko dute Kamiñazpiko auzo eta inguruetan. Ohiturak dioen modura, ospakizuna ilunetan egingo dute, eta horregatik Kamiñazpi auzo guztiko eta San Ignazio kalean Zaldupeko zubiaren pareraino dauden kaleko argi guztiak amata egingo dituzte. Bi orduz egongo dira argiak amatatuta, 19:00etatik 21:0etara.
Herritarrei “inork ez ezagutzeko moduan” mozorrotuta agertzeko gonbidapena egin diete bi ikastetxeek. Horretarako ez dela behar mozorrorik esan dute. “Etxeko arropa zaharrekin ere nahikoa da”. Ohitura paganoa ospatzeko batzen diren ume eta gurasoak eskean joango dira etxerik etxe. Zehaztu dutenez, atean kandela ipinita duten etxeetara joango dira; gozokiak eta opariak jasoko dituzte “xanduli manduli kikirriki… zeoze emon guri!” esanaz.