Bigarren argibide taula jarri dute MX-2 memoria ibilbidean
Zapola mendiko lubaki eta bunkerrak ezagutzera eman eta inguruaren, herri basoen eta txondorren berri ere ematen du. Hirugarren bat ere jartzeko asmoa dute Ahaztuen Oroimena eta Artibai Mendigoizale taldekoek.
Mendi Astearen harira MX-2 Markina Xemeingo bigarren guda lerroko memoria ibilbideko informazio guneak osatzen jarraitzen dute Ahaztuen Oroimena elkarteak eta Artibai Mendigoizale taldekoek elkarlanean. Ibilbide horri lotutako bigarren informazio taula jarri zuten orain dela aste bi Zapolako lubakien sarreran, auzolanean.
36ko gerran Markinaldean eraikitako bigarren guda lerroa balioan jarri asmoz Memoria Ibilbideak eratzen joan dira, azken urteetan elkarte biak. Proiektuak, memoria historikoa berreskuratzeagaz batera, herri basoen garrantzia sustatzea eta hurrengo belaunaldiei mendi jakintza helaraztea ere badu helburu. Horrela, Zapola mendiko lubaki eta bunkerrak ezagutzera eman eta inguruaren, herri basoen eta txondorren berri ere ematen du jarri berri duten bigarren panelak. Panela jarri zutenean eraman zuten pagadi horretara baita ere, 2018 urtean egindako txondorraren iduria. 2018ko txondorra egiteko ere Goierrin orain dela 30 bat urte inguru egindako txondor baten iduria erabili zuten, eta oraingoa Zapolako pagadian gordetzea erabaki dute.
Mahai panoramikoa. Zapolazpiko bunkerraren aurrean dago Markinaldeko frontearen historiari buruzko argibideak ematen dituen lehen argibide panela, hori ere Mendi Astearen bueltan jarritakoa. Frontearen historiagaz gainera, mahai panoramiko horretan ikus daiteke lehen guda lerroen kokapena, aurreko mendien irudi bategaz lagunduta.
Elkarte biek hirugarren argibide taula bat ere jarri nahi dute Aulestiko mugan. Azaldu dutenez, asko dira MX-2 ibilbidea egiteko Aulestiko partetik datozen ibiltariak, eta beraz, informazioa gune horretan jartzea egokia litzatekeela ikusten dute.