Mendexako argazki zaharren erakusketarako familia-argazkiak batzen ari dira
1980ra arteko argazkiak biltzen ari dira. Udaletxean utzi edo Leixarra Ondarea Babesteko Elkarteko norbaiti eman ahal zaizkio argazkiak.
Familia gaiari buruzkoa izango da aurtengo Mendexako Gabonetako argazki zaharren erakusketa, eta herritarren argazkiak jasotzen ari dira erakusketa osatzeko. Leixarra Ondarea Babesteko Elkartearen kideek zehaztu dute edozelako familia argazkiak izan daitezkeela: “Ospakizunak, lanean, etxe aurrekoak, estudiokoak, etab”. Beti ere, 1980ra arteko argazkiak izan behar dira.
“Jende nagusia hiltzen ari da, batzuen senitartekoak eta familia batzuk Ameriketara joandakoak dira… Jendeari gustatzen zaio berea eta ingurukoak ikustea eta gogoratzea. Gainera, pandemia luze honetan familiak ez dira hainbeste elkartu, edo kontrara, senitarteko denak baserrietan egon dira. Horregatik ere gai egokia zela iruditu zaigu. Gauza polita izan ahal zela pentsatu genuen. Bestetik, argazki batzuk oraindik ere artxiboan ditugu atera barik, eta gertu zaizkigun argazki berrien artean, batzuk familienak izan dira”, azaldu dute elkarteko kideek.
Non aurkeztu. Udaletxean utzi behar dira edo elkarteko norbaiti eman behar zaizkio argazkiak, kartazal batean sartuta, eta izena eta telefono zenbaki bat ipinita. Elkartekoek kopiak egin eta “ahalik eta arinen bueltatuko” dizkiete.
Aurten ere denen artean erakusketa dotorea egiteko, argazkiak bidaltzera animatu dituzte herritarrak: “Jendea parte hartzera animatu nahi dugu. Aste honetan ere etxe guztietako buzoietan esku-orriak banatu ditugu, gaia gogoratzeko. Jende askok erakusketara bertara ere ekartzen ditu argazkiak, baina nahiago dugu arinago ekartzea. Izan ere, arinago edukitzea hobe da, horrela erakusketa ondo prestatu ahalko dugulako”. Batzuk badituzte, baina badakite familia batzuetakoak falta direla.
Argazki zaharren erakusketa abenduaren 25ean eta 26an eta urtarrilaren 1ean egongo da ikusgai, 12:00etatik 14:00etara, udaletxeko ganbaran.
Elkartearen jarduna. Leixarra Ondarea Babesteko Elkartearen asmoa da herriko ondarea (giza-kultur ondarea zein ondare arkitektonikoa) berreskuratzea eta mantentzea: “Horretan gabiltza urte askotan. Orain arteko lan gehiena argazkiekin egin dugu, eta horrekin gure historia apur bat berreskuratzen joan gara”. Diotenez gero eta zailagoa da argazkiak topatzea: “Badakigu oraindik argazkiak utzi ez dizkigun jendea badagoela, eta eskertuko genieke ekartzea, eta, orain arte parte hartu dutenek ere ekartzen jarraitzea. Edozein gairi buruzko Mendexako argazki zaharrak nahi ditugu gure artxiboa osatzeko. Horiek gure historia osatzen eta ez ahazten laguntzen dute”. Urtez urte egindako bilketa lanari esker, argazki asko dituzte, artxibo handia osatu dute, eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dute, askotariko ondarea balioan jartzen eta berreskuratzen.
Hain zuzen ere, ondare materiala berreskuratzeko lanari ere heldu diote: “Badaude jorratu nahi ditugun gai batzuk, eta herrian dauden ondare arkitektoniko batzuk aztertzen ari gara momentu honetan, eta udalagaz batera eta jendearen auzolanagaz, gauzak berreskuratzen joan nahi dugu. Batzuk oso interesgarriak dira. Momentu honetan gauza biak uztartzen ari gara”.