Pou anaiekin hasiko da Markina-Xemeingo Mendi Astea
Eskalatzaile ezagunek euren azken proiektuari buruzko hitzaldia emango dute. Baldaburuko indusketa arkeologikoaren emaitzak ezagutu, orientazio martxa egin eta Mendi Film Festibaleko filmik onenak ikusteko aukera ere eskainiko du ekimenak.
Artibai Mendigoizale taldeak antolatuta, Mendi Astea ospatuko da asteburu honetan Markina-Xemeinen. Oraingoan ere, mendiagaz lotutako era askotako ekintzak prestatu dituzte Markina-Xemeingo Udala, Leaktibai, Antsotegi eta Ahaztuen Oroimena elkarteagaz elkarlanean.
Asteburu osoan egongo dira ekintzak, bariku zapatu eta domekan, eta Eneko eta Iker Pou eskalatzaile ezagunen hitzaldiagaz hasiko dira. Horrela, barikuan [urriak 29], 19:00etan, Esperantza aretoan, Pou anaiek Sokatik zintzilik izeneko egitasmoa azalduko dute. Horretarako lehenengo bideo emanaldi bat egongo da eta ondoren, anaia biekin solasaldian jarduteko aukera. Eneko Arrate Artibai Mendigoizale taldeko kideak gogora ekarri duenez, urte asko dira Pou anaiak Markina-Xemeinera ez datozena, eta mundu mailan eskalatzen ari diren euskal eskalatzaile ezagun horien lana ekartzea interesgarria iruditu zaie. Sarrerak udaletxeko harrerako makinan eskuratu behar dira. Sarrera orokorrak 5 euro balioko ditu, Artibai Mendigoizale taldeko bazkideek ordea, 3 eurotan edukiko dituzte.
Guztiz interesgarria izango da baita ere, zapatuan [urriak 30] Josu Santamarina Otaola arkeologoak eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek eskainiko duten hitzaldia. Ekainean Baldaburuko bigarren guda lerroan egin zuten indusketa arkeologikoen eta bertan aurkitutakoaren berri emango dute.
Alberto Unamuno Ahaztuen Oroimena elkarteko kideak aurreratu duenez, txosten zabal bat prestatu dute inguruaren nondik norakoak, historia eta egindako lana azalduz. «Material gutxi agertu zen, baina tartean portzelanazko pieza batzuk, eta aholkulari izan du Blanca Gomez de Segura». Gomez de Segura Markina-Xemeinen bizi izan zen eta gaur egun Euskal Buztingintza Museoko zuzendaria da. Horrez gain, sardexka bat ere agertu zen aztarnen artean, eta horri buruz ere egingo du berba Santamarinak. Arkeologoaz gainera, esku hartze arkeologikoan parte hartu zuen ikasle batek ere azalpen batzuk emango ditu. Horrez gain, Zapolan egin zuten modura hiru dimentsiotako irudiak egin dizkiete Baldaburuko bunkerrei ere, eta horiek ere aurkeztuko dituzte.
Hitzaldia 12:00etan izango da udaletxeko osoko bilkura aretoan. Hala ere, bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldia zuzenean jarraitzeko aukera edukiko dute Ahaztuen Oroimenaren youtubeko kanalaren bidez. Streaming bidez emango du ekitaldi guztia elkarteak, eta zapatuko hitzaldia zuzenean ikusteko lotura bat sortu dute.
Orientazio ibilbidea. Adin guztietako mendigoizaleek parte hartzeko moduko ekimena ere badakar domekan [urriak 31] Mendi Asteak. COVID pandemiaren ondorioz azken urteetan antolatu ezinik ibili diren orientazio proba berreskuratuko dute. 11:00etan izango da irteera Arkupetik, eta Markina-Xemein inguruetan egingo da ibilbidea. Artibai Mendigoizale Taldeko kideek azaldu dutenez, ibilbidea osatu ahal izateko argibide guztiak eta ibilbidea egiteko mapa irteeran emango dituzte. Horiei jarraituta, bidean pistak aurkituz, osatu beharko dute 8 kilometro inguruko bidea ume eta nagusiek.
Aurtengo Mendi Astegaz amaitzeko, Mendi Tour Mendi Film Festibaleko pelikula aipagarrienen proiekzioa eskainiko dute. Bizkaiko hiriburuak hartzen duen azken jaialdira aurkeztu diren mendia, abentura eta natura gaien inguruko bost film arrakastatsu ikusi ahalko dira domekan [urriak 31], 18:30ean, Esperantza eraikineko aretoan, 2020ko onenak. Jakitera eman dutenez, diziplina ezberdinak jorratzen dituzten filmak izango dira: alpinismoa, mendi eskia eta zeharkaldikoa edota mendiko lasterketak besteak beste. Emanaldira joateko sarrerak eskuratu beharko dira baita ere udaletxeko harrerako makinan. Ekintza honetako sarrera orokorrak 5 euro balioko ditu, Artibai Mendigoizale Taldekoentzako sarrera 3 eurokoa izango da.