Ugaitz Mugertzak txapelketa nagusiko sailkapen kanporaketa lehiatuko du
Mutrikuarrak esan du azkenengo entrenamenduak "nahikoa gustura" egin dituela, "sentsazio politekin".
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren sailkapen kanporaketa proba zapatuan [urriak 30] 18:00etatik aurrera jokatuko dute Zestoako kiroldegian, eta bertan ariko da Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra.
Azkenengo entrenamenduak “nahikoa gustura” egin ditu, “sentsazio politekin“. Aurten erakustaldi eta txapelketa gutxi eduki dituztenez, besteekiko erreferentzia askorik ez daukatela dio. “Norberaren lana da hor garrantzitsuena, eta ni neu nahikoa gustura nago. Nahikoa puntu onean heltzen naiz. Egun batean jokatzen da dena, eta ez da erraza; plazan zer izango den ez dakigu”.
Gizonezkoetan lehenengo mailako 11 aizkolarik eta Araian urriaren 17an lehiatutako promozio finaleko txapelketan sailkatutako biek lehiatuko dute sailkapen kanporaketa: Mugertza, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Yon Irazu, Julen Alberdi (Txikia IV), Aitzol Atutxa (Atutxa II), Jon Rekondo, Jexux Mujika, Julen Larrea (Larrea III), Arkaitz Jauregi, Iñaki Azurmendi eta Eloy Corchero. Horiek egin beharrekoa honako izango da: sei enbor, 54 ontzako bi kanaerdi, 60 ontzako bi eta 72 ontzako oinbiko bi. Zestoako kanporaketan aurtengo sei gizonezko eta hiru emakumezko finalistak zeintzuk diren argituko da. Emakumezkoetan, txapelketa honetako bost parte hartzaileetatik duela bi aste Araian parte hartu ez zuten hirurak lehiatuko dira: Karmele Gisasola (Zelai III), Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi. Horiek 36 zm-ko lau enbor moztu beharko dituzte.
Ugaitz Mugertza: “Iruditzen zait finalerako postu bat dagoela libre, eta baliteke hor sartzea, baina nahikoa zaila izango da”
Ahalik eta lan onena egitea, eta erdiko postuetan ibiltzea da mutrikuarraren helburua: “Badakit aurrean sartzea zaila dela. Ea zer ateratzen den, oxala burua finalean sartzen badut. Ahalegina egingo dut, noski”. Hamahiru aizkolarien artean, hiru multzo bereizita ikusten ditu. Finaleko sei txartel horietatik bost zeintzuk eskuratuko dituzten ia segurutzat jotzen du: “Azken urteetakoa ikusita, Vicente, Larrañaga, Otaño, Atutxa eta Txikia finalean egotea nahikoa seguru ikusten dut. Iruditzen zait postu bat dagoela libre, eta baliteke hor sartzea, baina nahikoa zaila izango da. Halere, aukerak beti daude; baten batek hutsen bat egin ahal duelako edota zeuk egun ona eduki eta barruan sartzeagatik ere bai. Iazko sailkapena ikusita, Irazu, Mujika, Azurmendi, Rekondo eta neu maila antzekoak gaudela iruditzen zait, besteak, Corchero, Larrea eta Jauregi gutxietsi gabe. Horiek ere kontuan hartu behar dira”.
Ekitaldi honetan proiektuan jasotako helburuetako bat betetzea lortu dela nabarmendu dute, emakume aizkolariek “presentzia eta ikusgarritasun handiagoa”izatea
Finala azaroaren 21ean izango da, Bilbao Arenan. Eta zapaturako [urriak 30] zein finalerako sarrerak Interneten daude salgai. Prezioa: 15 eurokoa (helduak) eta 5 eurokoa (18 urtetik beherakoak) da.Azaroaren 21eko “festa handiari” begira, Aitzol Atutxak adierazi du finala bera “jauzi kualitatibo handia” dela: “Eskertzen dugu sustatzailearen aparteko ahalegin ekonomikoa jauzi hau egiteko, eta momentuko aizkolaririk onenak, egoitza ikusgarria eta ekipamendurik osoena edukitzeko, final jendetsu bat ospatu ahal izateko, non zaleek eta publiko orokorrak aukera edukiko duten aizkolaritza ekitaldi handiaz gozatzeko eta esperientzia handia bizitzeko”.
Ekitaldi honetan proiektuan jasotako helburuetako bat betetzea lortu dela nabarmendu dute, emakume aizkolariek “presentzia eta ikusgarritasun handiagoa” izatea, alegia. “Oso eskertuta gaude aizkolaritzaren urteroko jai handian parte hartzeagatik eta gure parte hartzeagaz aizkolaritza XXI. mendeko errealitatera egokitzen laguntzeagatik”, zehaztu du Garazi Arrutik. Halaber, Xabi Uribe-Etxebarria txapelketaren sustatzaileak esan du imajinatzen duten txapelketarantz pausoak ematen ari direla: “Izugarri pozik gaude jarritako helburuak betetzea lortu dugulako, nahiz eta zaila izan. Benetan uste dugu aurrerapauso handiak ematen ari garela gure kirola nazioartean ezagunagoa izan dadin eta merezi duen balioa eman dakion”.
Txapelketak proiektuaren hasieran ezarritako mugarriak betetzea lortu du
Gol TVn zuzenean. Ekonomia eta antolaketa ahalegin “handia” kirol horren ikusgarritasuna erakusteko giza baliabideetan eta baliabide teknikoetan ere islatuko dela azaldu dute antolatzaileek. Gainera, ikuskizuna telebista-formatura egokituko dute, eta alderdi horretan “berrikuntza handi eta garrantzitsuak” aurkeztuko dituzte. “Txapelketaren antolakuntzak baliabide tekniko zabaleko ekoizpena izango du, pantailatik jarraitzen duten pertsonak aizkolaritzaren ikuskizunaz gozaraziko dituena. Finala zuzenean emango dute Gol TV bidez Espainiako estatuan, eta nazioartera ere zabaltzea espero dute, “hainbat katek erakutsi baitute interesa ekitaldia hainbat herrialdetan emateko”.
Erronkak eta mugarriak. Bestalde, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiak 2020an ezarritako erronkei aurre egin diela azpimarratu dute: “Aizkolaritzaren modernizazioan, kirol honen profesionalizazioan eta garai berrietara egokitzean ezarritako helburuak soberan osatu dira. Kirolari, dibulgazioari eta gizarteari dagokienez, beste kirol batzuen maila berera igotzea lortu da, eta denboraldi honek jauzi kualitatiboa ekarri du”.
Txapelketak proiektuaren hasieran markatutako mugarriak betetzea lortu duela gaineratu dute: “Aizkolaritzaren aintzatespen, zabalkunde eta balioespen handiagoa, jauzi kualitatiboa hedapenean, emakumearen presentzia eta ikusgarritasuna handitzea kirol honetan, eta, laburbilduz, pauso gehiago egitea aizkolaritza XXI. mendera ekartzeko”.