Axuri Beltza kalejirak eta Talaixako Mamuak jendetza batu dute Mutrikun
Telebista baten itxura eduki du aurten Talaixako Mamuak. Herritarrak beti-betiko ekintza ikusteko gogotsu egon dira.
Bistakoa da mutrikuarrak beti-betiko ekintzen gose zirela. Hala, Gaba Beltzeko lehendabiziko kale ekintzek jendetza batu dute gaur [urriak 29], bai Goiko Plazan eta baita ere Beheko Plazan. Dantzariak, akordeoi jotzaileak eta txistulariak Gaztetxe aurrean batu direnerako Beheko Plazan jai giroa zen nagusi: umeak mozorrotuta, aurpegiak margotuta…
Iazkoa salbuetsita, urteroko ibilbidea egin du kalejirak: Gaztetxetik Goiko Plazara joan dira, han Axuri Beltza dantzatu eta kantatu eta Beheko Plazara abiatu dira. Aurten, gainera, Talaixako Mamuak telebista baten itxura eduki du. Beheko Plazan hain zegoen jende asko eta hain zegoen zalaparta ze, Talaixako Mamuaren istorioa entzuteko aukerarik ere ez dela egon; bozgorailuetatik istorioa kontatzen zeuden bitartean jendea oihuka zegoen, eta ezer gutxi entzun ahal izan da.Ā
Eguraldiak ere alde jokatu du, eta nahiz eta kalejirak iraun duen denboran tantaren bat edo beste egin, hego haizea izan da nagusi. Hain zuzen ere, hego haize horrek Talaixako Mamua bota du; sua piztu baino minutu bi lehenago plazan zutik zegoen mamua lurrera bota du. Baina antolatzaileak segituan tente ipini dute, eta di-da batean su eman diote, han bildutakoen gozamenerako.Ā
Oro har, herritarrek gustura hartu dute ekintza. Dantzariei zein musikariei txaloak jo dizkiete, eta mamuak su hartu duenean txalo zaparradak Beheko Plaza osoa hartu du.
Dena dela, gaurko ospakizuna ez da Gaba Beltzeko ekintza bakarra izan; datozen egunetan ere ekintzak egongo dira (egitaraua behean).
EGITARAUA
- Urriak 30, zapatua
- 18:30. DJ Kaktusen umeentzako diskofesta, Beheko Plazan.
- 23:00. DJ Rikki, Beheko Plazan.
- Urriak 31, domeka
- 17:30. Txantxangorriren ekintzak LH2koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 18:00. Txantxangorriren ekintzak LH3koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 18:00. Heriotzaren kafea, Zabiel kultur etxean. Hitz egin dezagun heriotzaz saioa Ainara Etxeartek gidatuta.
- 18:45. Txantxangorriren ekintzak LH4koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 19:15. Txantxangorriren ekintzak LH5koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 20:00. Txantxangorriren ekintzak LH6koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- Azaroak 1, astelehena
- Egun osoan. Hil aurretikā¦ hormairudia, Beheko Plazan.