Carles Montllor eta Miren Josune Bikuña, txapeldun Mutrikuko XVIII. Herri Krosean
Gaizka Garcia Nieto eta Itziar Tapia Lavandeira izan dira lehenengo mutrikuarrak. Aurten 81 parte hartzaile egon dira, duela bi urte baino 26 gehiago.
Sabadell-eko (Bartzelona, Katalunia) Carles Montllo Vegas eta Miren Josune Bikuña Zubia oñatiarra txapeldun izan dira Mutrikuko XVIII. Herri Krosean. Montllorrek, gainera, orain arteko errekorra ere gainditu du. Izan ere, 10 kilometroko bidea egiteko 36 minututan zegoen ezarrita orain arteko markarik onena, eta Montllorrek 31 minutu eta 31 segundotan egin du ibilbidea; Bikuñak 41 minutu eta segundo 1 egin ditu. Helmugaratu diren lehen zazpi gizonezkoek gainditu dute aurreko urteetako marka.
Bigarren postuan Julen Ozaeta Petralanda durangarra (33 minutu eta 29 segundo) eta Vanessa Cerrajero Barbero azpeitiarra (45 minutu eta 36 segundo) sailkatu dira. Eta hirugarren Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarra (45 minutu eta 51 segundo) eta Aitor Rubio San Sebastian oriotarra (34 minutu eta 18 segundo). Helmugara lehendabizi heldu diren mutrikuarrek ere saria jaso dute, eta horiek Gaizka Garcia Nieto (36 minutu eta 39 segundo) eta Itziar Tapia Lavandeira (53 minutu eta 24 segundo) izan dira; Garcia bigarren urtez izan da lehenengo mutrikuarra.
Lasterketa nagusian 81 pertsonak parte hartu dute; duela bi urte 55 parte hartzaile egon ziren. Eta proba inolako ezusteko barik egin da. Lasterketa amaitu orduko egin dute sari banaketa, eta saridunek Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen, Aitor Itza Kirol zinegotziaren eta Josu Lezertua Talaixa Triatloi taldeko presidentearen eskutik jaso dituzte sariak.
Umeen krosa. Lasterketa nagusia egin aurretik Lehen Hezkuntzako 3-4-5 eta 6. mailetako ikasleek egin dute korrika; LH3 eta LH4koek Goiko Plazan hasi eta Samikollarainoko tartea egin dute (joan-etorri), eta LH5 eta LH6koek Santa Bataraino (joan-etorri). Guztira, 26 umek parte hartu dute lasterketan, eta giro ona izan da nagusi.